Berriozar, Berriobeiti eta Antsoaingo udalek, behinola Antsoaingo Zendeako osakide zirenek, “1938ko ihesaldia”ren gertakari ikaragarria gogoratu nahi izan dute oroimenaren ibilbide honekin, paisaiaren bidez historiara hurbiltzeko. 8,24 kilometro eta hamaika mugarri hauetan zehar, gertaera ikaragarri eta inportante hori berreskuratu nahi dugu, bakean eta justizian bizi nahi duen herriak ezin dezakeelako iragana ahantzi.

⇒Ikusi oroimenaren ibilbidearen tracka (.gpx formatua)

⇒Ikusi memoriaren bidearen tracka (.kml formatua)

1.     Eskola zaharra:
1938ko maiatzaren 23an, ihesaldiaren hurrengo egunean, lau lagun preso ekarri zuten Artikatik Berriozarrera. Herriko haurrei festa eman eta eskolan bildu zituzten presoak. Maisuaren emazteak afaria prestatu zien. Biharamunean, astearte 24ean, mendira, Espartzeta aldera eraman, fusilatu eta ehortzi zituzten.

2.     Makinista-etxea:
Militarrek hemengo iturburua baliatu zuten ura gotorlekuraino igotzeko. Etxean ponpatze-sistema instalatu eta hodi handia luzatu zuten, zuzena eta lur azpikoa, herritik gailurreraino. Lehen hornidura-sistema izan zen hori. Gotorlekuko presoek mantentzea egiten zioten ponpatze-sistemari, zaintzapean jaitsiarazten zieten aldian behin. Orduz geroztik, “uraren bidea” izena hartu zuen zidorrak.

Ikus 1. eta 2. informazio-panela

3.     Uraren bidea:

Uraren bidea izan zen emakumeak gotorlekuraino igotzeko ibilbideetako bat; hain zuzen, Berriozarkoek baliatzen zuten janaria eta arropa eramateko. Beste batzuk Iruñetik atera eta Antsoainetik zihoazen. Kanpotik etorritako emakume batzuk Artikan etxea hartu eta bertatik igotzen ziren.

Preso errepublikarrak kartzelaratu ziren garaian (1936-1945), emakumeek laguntza-sareak ehundu zituzten presoei laguntzeko; horri esker jasotzen zuten espetxeratuek kanpoko informazioa. Ihesaren ondoren, emakume batzuk atxilotu zituzten laguntzaile izatea leporatuta. Ikus 3. informazio-panela

4.     Espartzeta:
Hemen lau lagun, gotorlekutik ihes egindakoak, fusilatu zituzten 1938ko maiatzaren 24an. Aste baten buruan,  beste iheslari bat Elkarten entregatu eta hemen fusilatu zuten, Elkarten.

2015eko apirilean, herriko zaharren testigantzei esker, Udalak bilatze-lanak bultzatu eta lau gorpu aurkitu ziren. Gorpu-arrastoek fusilatu izanaren aztarnak erakusten zituzten. Bosgarren fusilatuaren gorpua ez da aurkitu. Ikus 4. informazio-panela

5.     “El Murallón”:
Inguru honetan, gotorlekuko preso bat bederen,  gehiago hain segur,  fusilatu zuten. Berriozarko bi auzokideei gorpua ehorzteko zuloa eginarazi zieten. Gertakariaren testigantza ezagutu eta ehortzi zen lekua hau dela jakin arren,  gorpuzkinak ez dira agertu oraindik. Ikus 5. informazio-panela

6.     Alfonso XII Gotorlekua:
1878-1919 urteen artean eraikia, obrak hasi zireneko erregearen izena hartu zuen. San Kristobal izenaz ere ezagutzen da. Gotorlekuaren zerizana Iruñea defendatzea izan zen hasieran, hirugarren karlistadan hiriburuak jasotako bonbardaketak ikusita. Aldiz, lanak bukatu zirenerako, helburuak zentzua galdu zuen, besteak beste, armadak hegazkinak erabiltzen zituelako.

II. Errepublikaren garaian presondegi gisa erabiltzen hasi zen preso “arriskutsuak” eta politikoak espetxeratzeko. 1934-1945eko tartean presondegi gisa erabili zen. 1936az geroztik, preso errepublikarrak ekarri zituzten hona zigor gisa. Espetxeratuek muturreko bizi baldintzei aurre egin behar izan zieten eta ehunka hil ziren, harik eta 1945ean presondegi gisa erabiltzeari utzi zioten arte. Ikus 6. informazio-panela

7.     Botilen hilerria:
Gotorlekuko presoen hilkortasun-tasa izugarri altua zen. Hildakoak, hasieran, Antsoaingo Zendeako kanposantuetan ehortzen ziren baina, bete zirenean, lursail hau moldatu zuten zerraldoak uzteko. Gorpu gehienen ondoan botila bana agertu da, barruan izena paperean idatzita.

Hilerri honen berri zegoen arren, 2006ra arte ez zen aurkitu eta 2010ean hasi ziren gorpuak lurpetik ateratzen. 131 zerraldo-arrastoak aurkitu dira, gehienak birikeriak jota hilak. Ikus 7. informazio-panela

8.     Fusilatuen mendi-hegala:
1937ko urtarrilaren 11an Murillo el Frutoko zazpi lagun eta Santakarako lau hil zituzten hemen. Minutu batzuk lehenago “aske uzteko” agiria sinarazi zieten gotorlekuan. Fusilamenduak mendekuaren ondorioa izan ziren; izan ere, bi egun lehenago, urtarrilaren 9an, Murillo el Frutoko gazte errekete bat hil zuten frontean.

Gizonen ehiza hasi aitzin, herri horietako auzokide batzuk gotorlekura hurbildu omen ziren hilketak beratik bertara ikusteko.

Gorpuak 1979an atera eta sorterrietara eraman ziren. Ikus 8. informazio-panela

9.     Fusilatuen monolitoa:
Ihesaldiaren L. urteurrenean, 1988an, monolito hau eraiki zen preso hilen oroimenez. Orduz geroztik, hainbat eraso pairatu du eskuin muturreko taldeen aldetik. 2018an, inguruko lau udalerriek, Antsoainek, Berriobeitik, Berriozarrek eta Ezkabartek, hitzarmen bat sinatu zuten monolitoa zaharberritzeko. Horretaz landa, elkarren artean egoera onean mantentzeko konpromisoa hartu zuten. Eskualde honek ihesaldian hildakoen oroimena bizirik mantendu nahi duela erakusten da horren bidez. Ikus 9. informazio-panela

10.  Artikako hilerria:
2009ko maiatzean Artikako Kontzejuak plaka hau ezarri zuen hemen ehortzita dauden 17 presoen oroimenez. Alfonso XII gotorlekuan hil eta gorpuak hona ekarri zituzten gerra zibilaren ondorengo urteetan.

Plakak ezarri eta hiru hilabetera, uztailaren 11an, eskuin muturreko talde batek -Falange y Tradición izenekoa- plakak apurtu zituen eta “Viva Cristo Rey” idatzi zuen gainean. Egileak identifikatu eta epaitu ziren zazpi urte beranduago. Ikus 10. informazio-panela

11.  Berriozarko hilerria:
2009ko ekainean Berriozarko Udalak plaka hau ezarri zuen hilerri honetan ehortzita dauden 47 presoen oroimenez. Alfonso XII gotorlekuan hil ziren, 1934-1942 urteen artean, eta gorpuak hona ekarri zituzten. Ikus 11. informazio-panela