Autokarabanetarako Iruñerriko lehen eremua sortzeko azken xehetasunak lotzen ari dira Berriozarren.

Autokarabanetarako eremu hau Nafarroako hirugarrena izanen da, dagoeneko horrelako eremuak baitaude Cascanten eta Faltzesen. Plazaola kalean kokatuko da, Naturaren Gelaren eta baratze ekologikoen ondoan eta Mendialdea Eskolatik hurbil.

Erabiltzaileek autokarabanek eta horrelako ibilgaikuek sortutako ur grisak eta beltzak botatzeko lekua izanen dute eskura, baita edateko ur hartunea ere. Berrikilan enpresa publikoak eremua sortzeko egitasmoa lagundu du eta, edateko ura hartzeko fitxak emateko ardura izateaz gain, bidaiariei txartelak salduko dizkie kiroldegiko zerbitzuak erabili ahal izateko: dutxak, igerilekua, taberna, etab.

Autokarabanak aparkatzeko gordetako eremuan debekatuta egonen da, erabat, kanpaldi librea. Bestalde, erabiltzaileek, gehienez, 72 orduz jarraian aparkatu ahalko dute autokarabana.

Autokarabanetarako Berriozarko Eremua turismo mota horren zaleak diren herriko hainbat pertsonak sustatua sortu da. Horiekin batera, Udaleko Hirigintza eta Ingurumen Arloak gauzatu du proiektua. Ekimen honen bidez Berriozarko turismoa eta tokiko merkataritza sustatu nahi dira.