Eguraldia | >> CASTELLANO << | 2012ko otsailaren 4a
hemen data dago
Berriozarko Udalak aho batez onartu zuen 2003ko otsailaren 26an Berriozarko Emakume eta Gizonen Arteko Aukera Berdintasunerako II. Plana. II. Plan honek 1996. urtean Aukera Berdintasunerako I. Planak hasitako bidea jarraitzen du eta hainbat erakunderen
ekarpenak hartu ditu kontuan: Emakumearen Batzordea; emakume elkarteak; guraso elkarteak; irakasleak; alderdi politikoak; teknikariak; bizitza soziala, politikoa eta kulturala sustatzen duten elkarteak; baita herritarren ekarpenak ere.
Agiri honek tresna izan nahi du, batetik, gure herriko emakume eta gizonen arteko berdintasuna gauzatzeko beharrezkoak diren aldaketa sozialak bultzatzeko eta sakontzeko, eta, bestetik, erakunde publiko eta sozialak genero politiketan inplikarazteko. Halaber, prozesu honetan gizonek ere parte hartzea sustatu nahi da, denontzako onuragarria izanen delako eta modu bakarra delako berdintasuna teoriatik praktikara eramateko.
Plana errealitate jakin batetik abiatzen da. Beraz, errealitate horretan ikusitako beharrei erantzuten die; beti ere, emakumeei eragiten dizkieten bestelako faktore orokorragoak bazterrean utzi gabe. Planaren oinarrian Berriozarko errealitatea aztertu duten zenbait ikerketa daude: lehenengo planaren emaitzak eta ebaluazioa, udalerriko populazioari eta egoera sozio-ekonomikoari buruzko ikerketak eta NUPeko soziologo talde batek egindako ikerketa. Bestalde, herriz gaindiko fenomenoak ere kontuan hartu dira: emakumeen kontrako indarkeria, pobreziaren emakumetzea eta emakumeek lan merkatuan sartzeko eta bertan jarraitzeko dauzkaten zailtasunak.
Esandakoaz gain, Planak kontuan hartu du Berriozarko populazioa oso heterogeneoa dela, hau da, hainbat jatorritakoa. Errealitate berri horren ondorioa da inoiz baino garrantzitsuagoa izatea kulturen arteko errespetua sustatzea.
Laburbilduz, Berriozarko Emakume eta Gizonen Arteko Aukera Berdintasunerako II. Plana sortu da sinesten dugulako berdintasunaren aldeko politikak onuragarriak direla populazio osoarentzat eta ezinbestekoak gizarte demokratikoa eta justua gertuago izateko.