Madruga

KUBAKO MADRUGA ETA BERRIOZAR HERRIEN SENIDETZEA

Berriozar Kubako Madruga herriarekin senidetuta dago 2001. urteaz geroztik. Sinatutako hitzarmenean hainbat plan eta truke-programa bideratzeko konpromisoa jaso zen, plan eta programa onuragarriak bi komunitateentzat. Bertan azpimarratu zen Madrugako eta Berriozarko udal kudeaketarako interesgarriak diren ekimenei buruzko informazioa trukatzeko eta esperientzien berri izateko nahia.

Halaber, udalbatzak adostu zuen kultura eta ekonomia arloetan, batez ere, lan egitea eta truke programak bideratzea: batetik, Berriozarrek garapen eta lankidetza programa zenbait garatzea Madrugan, eta, bestetik, kultur jardueren bidez, berriozartarrei herri kubatarren bizimoduaren berri ematea.

MADRUGA:

Madruga Habana eskualdeko hogeita sei udalerrietako bat da, ekialdean kokatua. Honakoak dira Madrugaren mugak: iparrean Aguacate udalerria, ekialdean Matanzas eskualdea, hegoan Nueva Paz eta San Nicolás, eta mendebaldean Güines.

Herriaren izena Madruga da 1714. urtean Salvador Hernández Madrugak “Hato de Santo Cristo” edo “Santo Domingo” izeneko esparrua erosi zuelako. Hasiera batean, kubatarrak azukrearen inguruko lanetara bertaratu ziren; geroago, bertan ur mineral sendagarriak aurkitu zirelako. Pertsona asko hurbiltzen ziren, kondairak zionez, sendatzeko aparteko gaitasuna zuen mirarizko urak senda zitzan. Horietako bat Luis de Bascourt jauna izan zen. Urek sendatuta, bertan eliza bat eraikitzeko eta herri bat sortzeko bere eskura zegoena egiteko konpromisoa azaldu zuen. Konpromisoa 1803ko maiatzaren 5ean gauzatu zen. San Luis aukeratu zen elizako patroia, sustatzailearen omenez. Horren ondorioz, herriaren izen ofiziala San Luis del Cuabal de Madruga izatea erabaki zen, baina herritarrek Madruga erabili dute betidanik.

1866ko uztailaren 1ean errege-zedula batek herria udalerri bihurtu zuen. Beste data mugarri bat burdinbidea herriraino heldu zen urtea izan zen (1858); izan ere, burdinbideak bisitari gehiago ekarri zituen herriko uren bila. Hazkundeak hainbat hotel eta merkataritza-gune sortzea bultzatu zuen.

José María Pariña 1875. urtean helu zen Udal Bainuetxez arduratzeko (uren azterketa zientifikoa egin zuen). Geroago, alkatetza eskuratu zuen, eta kargu horretan zenbait onura garrantzitsu ekarri zion herriari: eskola berriak eraiki zituen, eskoletan zegoen arrazakeria baztertu zuen, sormen musikala sustatu zuen eta esklabutza behin betikoz deuseztatzeko borroka gidatu zuen. Esklabotza 1886. urtean bukatu zen eta, horren ondorioz, “La Sabana” auzoa sortu zen, Madrugako iparraldean. Bertan kokatu ziren ordura arte baldintza latzetan bizitako esklaboak.

XX. mendearen hasierako hamarkadetan egoera ekonomiko ona bizi izan zuen Madrugak: bertan azukre industria elkartu zen, zapatagintzako tailer berriak sortu ziren eta Udal Bainuetxeak osperik handiena lortu zuen. Egoera ekonomiko onak kultura sustatu zuen. Azpimarratzekoa da Hubert de Blanck musikariak 1905. urtean sortutako hotela. Izan ere, bertako lorategietan hainbat filma eta jarduera artistiko erakusten hasi ziren. Kultur jarduerek harrera oso ona izan zutenez, musikariak antzoki bat eraiki zuen hotelaren ondoan (José Urfé eta Cheo Belén Puig garaiko musikari handiak ere aipatu beharrekoak dira).

20. hamarkadan erdialdeko errepidea eraiki zuten eta, horren ondorioz, egoera ekonomikoa aldatu zen. Aldaketaren faktoreak honakoak izan ziren, besteak beste: Madrugako bainuetxeen eta hotelen gainbehera eta komertzioaren eta zerbitzu-arloaren gorakada.

Gaur egun, Madrugako jarduera ekonomiko nagusia azukre-industria da. Horretaz gain, Abelbideen Ekialdeko Enpresa Genetikoa ere garrantzitsua da. Ehungintzako eta zapatagintzako hainbat lantegik eta freskagarri lantegi batek osatzen dute herriko industria arloa.

Berriozarrek Kubako Madruga herria lagundu du bertako zenbait azpiegitura hobetzen: herriko ikastetxea, ama eta haur etxea, hortz-klinika, eta zahar etxea.