Bitxitasunak

ETXEEN IZENAK:

Antzinetik, etxea oso gune garrantzitsua izan da gure kulturan; batetik, hildako arbasoen espirituen egoitza zen, eta, bestetik, bizirik zeudenen babeslekua gauean, espiritu gaiztoak ugariak direnean.

Beraz, kontuan hartzen badugu etxearen garrantzia, bizi eta hilaren, iragan eta etorkizunaren, zahar eta berriaren elkargune sakratua izateagatik; hobeki ulertzen dugu Berriozarren, eta Nafarroa osoan, etxe zahar guztiek izena izatea, baita izkribuetan etxearen izena agertzea ere, familiaren izena agertu beharrean.

Hainbat etxeren izen zaharrak gorde dira, baina, gehienak, duela 150 urte galdu edo itxuragabetu ziren, Berriozarko euskara erabiltzeari utzi zitzaionean. 1802ko abenduaren 23ko parrokia-agiri batean garai hartan parrokiak zeuzkan lurrak zerrendatu ziren. Agiri horretan Berriozarko etxe askoren jatorrizko izenak agertzen dira: “Machinena” (Martinen etxea), “Alkatezarrena” (alkate zaharraren etxea), “Ezkonberriarena” (ezkondu berriaren etxea), “Musigorriena” (musu gorrienaren etxea), “Pedroconecoa” (Pedrokoren etxearen menpeko etxea) etc. Bestalde, oso interesgarriak dira agertzen diren zenbait toponimo, egun, batzuk galduak edo eraldatuak: “Euncelucea” (larre luzea), “Tallaeuncea” (uztako larrea), “Recarte” (erreken artekoa), “Auzalorra” (herri-lurra) eta “Recaldea” (errekaren ondokoa).

BIDE IGNAZIOTARRA (GR 21):

Bide honek Gipuzkoako eta Nafarroako patroien jaioterriak lotzen ditu: Loiolako San Ignazio eta Xabierko San Frantzisko. Ekialdetik mendebaldera, Foru Komunitatearen erdialdetik, askotako lur eta paisajeak zeharkatzen ditu kultur-edukin handiko ibilbide honek. Xabierretik Iruñera bi dira bidea egiteko aukerak:

  1. Iparraldeko bidea: Xabier – Ledea – Irunberriko arroila – Irunberri - Itzagaondoa – Tabar – Indurain – Urbikain – Ardatz – Zuhatzu – Artaitz – Lizarraga – Ilundain – Badostain – Iruñea
  2. Hegoaldeko bidea: Xabier – Zangoza – Rocaforte – Oibar – Izkoko mendilerroa – Abintzao – Getze-Ibargoiti – Elo – Elortz - Aranguren Ibarra - Labiano – Badostain – Iruñea

Iruñetik Loiolarainoko zatia San Ignaziok 1512.ean egin zuen bidea da, Nafarroako Erresumaren Konkistaren garaian, Iruñeko harresien oinean zauritu eta gero, jaioterrira eraman zutenean:

Iruñea – BERRIOZAR – Oteitza – Aizkorbe – Irurtzun – Axitarte/Biaizpe – Latasa – Mugiro – Lekunberri – Baraibar – Errazkin – Betelu – Uztegi – Azkarate . Azkaratetik aurrera bidea Gipuzkoan sartzen da, Nafarroan 170 km. egin eta gero. Gipuzkoan 45 km. egiten ditu honako herri hauetatik: Zarate, Altzo, Albiztur, Bidegoian, Beizama, Urrestilla eta Loiola.

PROBINTZIETAKO ERREGE ABELBIDEA

Probintzietako Errege Abelbidea Nafarroako abelbide zaharrenetariko bat da. Ibilbide historiko honek Iruñerria eta Gipuzkoako Debako kostaldea lotzen zituen. Nafarroako zatian, 52 km-ko bideak Noain eta Areso lotzen zituen (bizpahiru egun oinez). Iruñerriko zatian, Probintzietako Errege Abelbidea Berriozarko udalerrian barna pasatzen zen. “Zezenen Abelbidea” ere deitzen zuten, Bardeako eta Nafarroako hegoaldeko zezenak bide honetatik eramaten baitzituzten Azpeitiraino eta “Probintzietako” beste herri batzuetaraino.

Iruñea eta Tolosa arteko Araxeseko errepidea egin zenean, erabilgarritasuna galdu zuen. Bestalde, Nafarroako hiriburuaren inguruan egindako errepideek desitxuratu dute abelbidearen Noain eta Añezkar arteko zatia: gaur egun zati txiki batzuk besterik ez dira geratzen. Gainerakoa (Gipuzkoako mugarainoko zatia), aldiz, Abelbideen Lagunen Elkarteak seinaleztatu du eta mendizaleek maiz egiten dute, kultura, natura eta paisaiaren ikuspuntuetatik daukan interesa haindia baita.

1999. urtean Berriozarko Udalak erabaki zuen herriko kale baten izena Probintzietako Errege Abelbidea izatea, oraingo belaunaldiek gogora dezaten, garai batean eta garai hartako bizimoduan, garrantzitsua izan zen komunikazio-bidea.