Albisteak



Alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzearen gaineko sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina, 2019.

Aurten ere drogak hartzeari aurre egiteko sentsibilizazio-kanpaina sustatu dugu Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko herrietako jaietan.

Aurtengo kartela 8 gaztek grabatu-lantegian egindako lanekin osatu dugu. Lantegiaren helburua gazteekin lan egitea izan da. Grabatuaren teknikan irudia euskarri egoki batean egindako ebakiduren bidez sortzen da eta, horretarako, hainbat lanabes erabiltzen dira. Behin trokela lortuta, kopiak egiten dira. Jardueraren helburua da gazteak kanpainaren diseinuan partaide izan daitezen, modu horretan mezu prebentiboak gertu dauzkatelako eta programaren helburuak aktiboki lantzen dituztelako. Horretaz gain, gure ustez, gazteek sortutako mezua errazago heltzen da gainerako gazteengana. Hasierako asmoa aurkeztutako zortzien artean bat hautatzea bazen ere, zortziak erabiltzea erabaki da, guztiek islatzen dituztelako egileen ahalegina eta gogoa. Gure ustez, garrantzitsua da guztiak agerian geratzea. Egileak 11 eta 15 urte arteko 5 neska eta 3 mutil izan dira.

Kanpaina herrietako gazteen etxabe, elkarte eta txosnetan zabalduko da; baita Arrikurock Jaialdian eta herrietako kale eta iragarki-tauletan ere. Halaber, Udal eta Gaztelekuen sare sozialetan zabalduko da. Gazteei hainbat informazio emanen zaie kartelarekin batera: batetik, Droga-mendekotasunaren Foru Planak kontsumo arduratsua egiteko aholkuak biltzen dituen esku-orriak eta kartelak; bestetik, Ailaket Elkarteak egindako foiletoa, jaietan drogen kontsumoarekin harremanetan dauden neskentzat interesgarriak diren hainbat kontu lantzen dituena. Herrietako txosna, Gazteleku eta gazteak elkartzen diren guneetan gizonen eta emakumeen preserbatiboak banatuko dira, behar duen edozein gaztek doan eskura dezan; babesik gabeko sexu-harremanak droga kontsumoarekin lotutako arrisku-jokabidea baitira. Herrietako tabernetan kanpainaren kartela eta ostalaritzako lan praktika onen dekalogoa banatuko dira, baita alkoholaren kontsumoaz hausnartzeko bidea ematen duen Osasun Publikoko Institutuaren informazioa ere.

Kartela