Berriozarko Udalak Klima eta Energiari buruzko Alkatetzen Ituna sinatzea onartu zuen otsailaren 27ko osoko bilkuran.

Ekimena europarra da eta xedea du tokiko gobernuek bat egin dezaten berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizteko helburuekin eta ikuspuntu komuna barnera dezaten aldaketa klimatikoa eta txirotasun energetikoa arintzeko eta egokitzeko.

Hartutako konpromisoa da, lehenik, udalerrian CO2 gasaren isuriak, gutxienez, %40 murriztea 2030. urterako (baita, baliteke, berotegi-efektua duten beste gas batzuena ere). Horretarako tresnak izanen dira energia eraginkortasuna areagotzea eta energia iturri berriztagarriak gehiago erabiltzea. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, klima aldaketaren ondorioetara egokituz.

Lan-ildoetako bi izanen dira isurien erreferentzia-inbentarioa egitea eta klima aldaketak sortutako arriskuak eta ahuleziak ebaluatzea. Halaber Udalak, erabakia hartu duenetik bi urteko epean, Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana eginen du. Azkenik, Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza-plana aurkezten denetik, egoerari buruzko txostena eginen da bi urtean behin, gutxienez. Txostenaren helburuak izanen dira ebaluazioa, jarraipena eta kontrola.

Prozesu honetan Berriozarko Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza metodologikoa eta teknikoa izanen du, LIFE NADAPTA proiektuaren testuinguruan. Izan ere, udal arduradunek parte hartuko dute Lursarea-Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziak eta NELS Sareak sortutako lan taldean. Taldearen zeregina izanen da klima eta energiarekin lotutako ezagutza, baliabide eta praktika onen berri elkarri ematea.

Berriozarko Udalak herritarrei deitzen die desafio honetan laguntzera eta helburuen lorpenean parte hartzera.