Albisteak



Berriozarko Udala gure herrian apustu eta joko-etxeak arautzeko eta ludopatiari aurrea hartzeko ordenantza lantzen ari da, gizartean kezka baitago apustu-etxeak ugaritzen ari direlako. Gaia Hiri-Espazioko Batzordean eztabaidatu zen 2019ko urriaren 23ko bileran eta Udaleko alderdi politikoak ordenantza egitearen alde agertu ziren.

Hortaz, Apustu-Etxeei Buruzko Ordenantza onartzeko prozedura hasi aurretik, gaiari buruzko hiritarren iritziak jasotzeko parte-hartze prozesuari ekin behar zaio; horrela lortuko baita ordenantzak hiritarren benetako eskaerei erantzutea.

Ordenantzaren helburua da jokoarekin lotutako lokalei baldintzak ezartzea, edozein irakaskuntza, kultur, gazte, kirol edo osasun zentrotatik eta haur eta gazteen aisia-gune nagusietatik gutxieneko distantzia jakin batera egon daitezen. Halaber, Udalaren eskumena den markoaren barnean, ordenantzak gai honekin lotutako publizitatea, prebentzioa eta trebakuntza arautuko ditu.

IRADOKIZUNAK AURKEZTEA:
Iradokizunak posta elektronikoz bidali ahalko dira urbanismo@berriozar.es helbidera. Gaian honakoa idatziko da: JOKOAREN ORDENATZARI BURUZKO IRADOKIZUNAK. Iradokizunen egilea (pertsona edo erakundea) behar bezala identifikatuko da.

PROPOSAMENAK AURKEZTEKO AZKEN EGUNA: hilabete bat. 2019ko abenduaren 19ra arte.

ERANTSITAKO AGIRIAK: Apustu-Etxeei Buruzko Ordenantza