Eguraldia | >> CASTELLANO << | 2012ko maiatzaren 18a
hemen data dagoErraldoi eta kilikien jatorri zehatza ezagutzen ez den arren, esan behar da jasotako lehenengo aipamenak Erdi Arokoak direla: Portugalgo Allenger herrian (1263. urteko aipamena) edo Bartzelonako Gorpuzti jaian (1380. urtea), non hainbat erraldoik pertsonaia biblikoak irudikatzen zituzten. Erraldoiak egiteko gaiak ugaritu ziren denborarekin: munduko lau zatiak edo lekuan lekuko herri-pertsonaiak, esaterako. Erraldoi eta kilikiek parte hartu dute prozesio, errege-bisita, urtemuga eta jai garrantzitsuetan. Egun, herriko jaietan eta elkarretatzeetan gozatu ahal dugu haiekin.
1984. urtean Udalak lau erraldoi eskatu zizkion Zaragozako lantegi bati: Pamplonica, Poxpolina, Kaxero eta Kaxera. Nafarroako jaietan janzteko moduak irudikatzen zituzten.
1998. urtean poliesterrezko bi erraldoi berri eskatu zitzaizkion Jesús María Ganuzari: maiordomoen irudiak, hain zuzen, Berriozarko ohitura zaharrekin lotutako pertsonaiak. Urte bat geroago bi erraldoi gehiago egin ziren: Mahats-Biltzaile eta Artzain (Maiordomoekin batera 1984ko erraldoiak, ordurako hondatuak, ordezkatu zituzten). Mahats-Biltzaile eta Artzain Iruñerriko pertsonaia tipikoak dira; izan ere, San Cristobal-Ezkabako mendian artzaintza eta mahats-biltzea ohiko jarduerak ziren (bertako txakolina oso ospetsua zen).
2002ko jaietako txupinazoan Erraldoi eta Kilikien Konpartsak bi kiliki erabili zituen lehen aldiz: Napoleon eta Pailazo. Baziren aurretik bi pertsonaia hauen kilikiak, baina ez ziren erabiltzen oso hondatuta zeudelako. Berriak poliesterrez egin ziren, ez aurrekoak bezala harri-kartoiez, euriak ez hondatzeko.
2003ko jaietan erraldoi zaharren hogeigarren urteurrena ospatu zen. Ospakizunean Erraldoi eta Kilikien Konpartsako oraingo eta lehengo kideak elkartu ziren, eta herriko zortzi erraldoiak dantzatu zituzten, gaita eta txistuen hotsean.