Berriozar izena historian agertzen zaigu XI. mendeko agiri batean. Antso III.a Handia erregeak Iruñeko katedralari emandako pribilegioa da. Elizbarrutia zehaztu eta katedra aberastu nahian, eman zizkion honi, Erresumako beste zenbait ondarez gain, bi mahasti Berriozarren. Agiriak 1007ko data du, baina bere data ia ziur manipulatu egin zutela. Historialarien arabera, zehatzagoa litzateke 1032. urtean kokatzea. Ordurako, euskarazko izenak -zar- ongi salatzen duen bezala, gure herria hiru Berrio haietarik zaharrena zen: Berriobeiti, Berriogoiti eta Berriozar. 1268ko berramarren liburuan bertako parrokia aipatzen da, Iruñerriko beste batzuen artean. 1350ean, Moneta liburuan aipatzen da Berriozarrek 8 fuego edo etxe zituela, alegia, 40 pertsona, gutxi gorabehera.

Historian zehar, Berriozarko biztanleen ongizatea uzten zein izurriteen mendekoa izan da oso. Urte makurretan nekazariek nekez ordaintzen ahal izaten zituzten errege-erreginek ezarritako zergak. Honela, 1389an, Karlos III.a erregeak Berriozarko lurrak bahitu zituen eta nekazari familiak, familia noble ezberdinen mende gelditu ziren mendeetan zehar. Nabarmentzekoa da Ezpeletako baroien etxea, Agramont etxeari lotua Gaztelaren aurkako 1512ko gerran.

XIX. mendea zinez mende gogorra izan zen Berriozarko biztanleendako; zenbait gerrak (Independentzia, Konstituzio-Hirurtekoa eta 1. eta 3. karlistaldiak) eta izurritek (nafarreria, kolera) sarraskia egin zuten biztanleen artean.

Aurreko mendeekin alderatuta, XX. mendeak erabateko aldaketa ekarri zion Berriozarri. 60 eta 70ko hamarraldietan Berriozarrek etorkinak bereganatu zituen, Iruñerri osoak bezalaxe. Egindako errolden arabera, 1930ean Berriozarrek 177 biztanle zituen, 1950ean 305, 1970ean 3.166 eta 1981ean 5.019 biztanle. Aldaketa demografiko honek erabateko aldaketa ekarri zion hirigintza egiturari ere, baita biztanleen lanbideei ere.

EZKABA MENDIKO GOTORLEKUA

Berriozarko historiaz hitz egiterakoan beharrezkoa da aipatzea San Kristobaleko gotorlekua, herriko alde zaharra kokatzen den Ezkaba edo San Kristobal mendi bereko gailurrean dagoena.

EZKABA MENDIKO GOTORLEKUA

Iruñaren eta bertarako bideen gainean mendi honek goiko aldean duen kokaguneak historian zehar garrantzi estrategikoa eman dio. Erdi Aroan gaztelu bat zegoen gailurrean, frantsesek Navarreriako gerran suntsitu zutena (1276).

Azken karlistaldiaren ondoren (1872-1876) gotorleku militarra eraikitzen hasi ziren (Alfonso XIII.a izenekoa), eta 1910ean bukatu zen. Asturiaseko iraultza gertatu eta gero, gotorlekua espetxe bilakatu zen Printzerrian piztu zen errepresioak zapaldutako ehunka meatzarirendako. Gerra Zibilaren urteetan espetxe edo kontzentrazio esparru gogorrenetakoa izan zen, eta han zeuden presoak (errepublikarrak eta abertzaleak, gehienbat) giza-azpiko baldintzetan bizi izan ziren. 1938ko maiatzaren 22an, 800 preso gotorlekutik ihes egiten saiatu ziren. 200 baino gehiago tiroz edo gosez hil ziren inguruko mendietan eta 14, ekintzaren buru zirelakoan, fusilatu zituzten. Guztira 800 bat pertsona hil ziren San Kristobaleko gotorlekuan, espetxe gisa erabili zen bitartean.

90ko hamarraldian armadak utzi zuenetik, bertan behera utzia gelditu da.

Gaur egun mendiaren inguruko udalak eta Iruñerriko Mankomunitatea Gotorlekua berreskuratzeko ahaleginean ari dira, baina proiektu honek luze joko du gauzatu arte.