Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

Memoria historikoa

Ezkaba mendiko tontorrean kokatutako San Kristobal Gotorlekua 1934. urtean bihurtu zuten espetxe, baina 1936ko kolpe militarrak hasi zuen haren historiako atalik beltzena. Milaka pertsonak, gehienak preso politikoak, pilaketa, miseria eta baldintza penagarriak jasan zituzten bertan.

1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihesari ekin zioten. Hiruk soilik lortu zuten helburua. Ondorengo jazarpenean 206 hil zituzten eta gainerakoak berriro atxilotu. Azken horietako 14 ihesaldiaren antolatzailetzat jo eta jendaurrean fusilatu zituzten Iruñeko Gaztelugibelean 1938ko abuztuaren 8an.

Ahaideen lanari eta irmotasunari esker, memoriaren aldeko elkarteei esker eta 2016. urtetik aurrera Nafarroako Gobernuak martxan jarritako Desobiratze Planari esker, gaur arte (2019ko martxoa) eraildako 52 iheslariren gorpuzkiak atera ahal izan dira ihesaldian mugaraino egindako ibilbidean barreiatutako hilerri eta hobietatik.

2015.urtean Berriozarko “Espartzeta” eremuan lau pertsonaren gorpuzkiak desobiratu ziren. Asko dira, oraindik, aurkitu gabeko hilotzak. Horietako batzuk Berriozarren daude, seguru asko.

Bideo ikusi.

Berriozar, Berriobeiti eta Antsoaingo udalek, behinola Antsoaingo Zendeako osakide zirenek, “1938ko ihesaldia”ren gertakari ikaragarria gogoratu nahi izan dute oroimenaren ibilbide honekin, paisaiaren bidez historiara hurbiltzeko. 8,24 kilometro eta hamaika mugarri hauetan zehar, gertaera ikaragarri eta inportante hori berreskuratu nahi dugu, bakean eta justizian bizi nahi duen herriak ezin dezakeelako iragana ahantzi.

⇒Oroimenaren ibilbideari buruzko informazioa

Volver arriba