Berriozarko historia
Berriozar izena XI. mendeko dokumentu batean agertzen da Historian. Antso III.a Nagusia erregeak Iruñeko katedralari ematen dion pribilegioa da. Elizbarrutia zedarritu eta katedra aberastu nahian, Berriozarren bi mahasti ematen dizkio, erresumako hainbat lekutan, besteak beste. Dokumentua 1007 urtekoa da, baina data ia seguru manipulatu zen. Historialarien arabera, zehatzagoa da 1032. urtekoa izatea. Gure herria zen ordurako, bere euskarazko izenaren amaieraren arabera -zar- hiru Berrietatik zaharrena: Berrio de la Plana, Berrio de Sus eta Berriozar. 1268ko erreximenduaren liburuan Cuencako parrokia aipatzen da, besteak beste. 1350ean, Monedaje Liburuan jasota dago Berriozarrek 8 su edo etxe dituela, hau da, 40 pertsona gutxi gorabehera.
Historian zehar, Berriozarko biztanleen ongizatea uzten eta epidemien mende egon da. Urte txarretan, lurra lantzen zuten pertsonek zailtasunak izaten zituzten erregetzari zergak ordaintzeko. Horrela, 1389an, Karlos III.a erregeak Berriozarko lurrak bahitu zituen, eta nekazarien familiak familia noble ezberdinen mende egon ziren mendeetan zehar. Nabarmentzekoa da Ezpeletako baroien familia, 1512ko Gaztelako gerran Agramont etxeari lotuak.
XIX. mendea mende gogorra izan zen Berriozarko biztanleentzat; hainbat gerrak (Independentzia, Hirurteko Konstituzionala eta Karlistaldiko 1. eta 3. gerrak) eta epidemiek (baztanga, kolera) biztanleria txikitu zuten.
Aurreko mendeen aldean, XX. mendeak erabateko aldaketa ekarri zion Berriozarri. 60ko eta 70eko hamarkadetan Berriozar izan zen emigrazioaren hartzaile, eskualdeko gainerako herriak bezala. Egindako errolden arabera, 1930ean Berriozarrek 177 biztanle zituen, 1950ean 305, 1970ean 3.166 eta 1981ean 5.019 biztanle. Aldaketa demografiko horrek erabateko aldaketa ekarri zuen hirigintzaren konfigurazioan.
2008an, Leti Galeano auzokideak Udalak ekoitzitako dokumental bat zuzendu zuen, Itxaurdi Auzo Elkartearen eta Berriozar Filmsen laguntzarekin. 23 minutuko iraupenean, 1.000 urte baino gehiagoko ibilbidea egiten da, gure herria lehen aldiz aipatzen denetik. Carmelo Urra bertako historialari eta irakaslearen dokumentazio historikoa jaso zen, baita herriko historiaren protagonista diren Margarita Eslaba, Mª Carmen Nuin, Blasa Amate eta Carlos Santamaría auzokideen testigantzak ere.
Gizarte gaietan lan egitera ohituta dagoen artistak lehen bizi ziren zailtasun ekonomikoetan jartzen du arreta berezia, eta orain, Memoria Historikoaz eta herriko kirol eta kultura aniztasun aberatsaz gain, 80ko hamarkadako jaietako irudi paregabeak edo Gipuzkoa Etorbideko gure udalerriko azken landa etxebizitzen eraispena biltzen ditu.