Berriozarko Udalbatzak 2026ko jaietako egitaraua onartu du eta LGTBI+ harrotasunarekiko konpromisoa berretsi du
Berriozarko Udalak ekainari dagokion ohiko bilkura egin zuen atzo. Osoko bilkura horretan, hurrengo jaietako jarduerak onetsi ziren eta udal zerbitzuak mantentzeko kontu-sailak eguneratu ziren.
Bilkuraren hasieran, ekainaren 28a hurbil dagoela eta, Udalbatzak Adierazpen Instituzionala onetsi zuen, Berriozarrek duintasunarekin eta LGTBIfobiarik gabeko udalerri seguru eta inklusibo baten eraikuntzarekin duen konpromisoa berresteko. Testu horren bidez, egungo gizartean gorroto diskurtsoek eta diskriminazio egoerek irauten dutela ohartarazi zuen Udalak, pertsona guztien babesa eta ongizatea bermatuko duten politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko beharra defendatuz, keinu sinboliko hutsetatik harago.
Hori dela eta, Udalak konpromisoa hartu du berdintasuna eta justizia soziala udal-ekintzaren erdigunean jartzeko neurri zehatzak garatzeko. Hartutako akordioen artean nabarmentzekoak dira hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak martxan jartzea, Udaleko langileen prestakuntza espezifikoa aniztasunaren inguruan, LGTBI+ ikastetxe eta kolektiboekiko koordinazioa indartzea, eta erasoen biktimei arreta eta laguntza emateko protokoloak sortzea. Azkenik, adierazpenak aktibismo sozialaren lan historikoa aitortu eta eskertzen du, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu jardunaldi honen harira herrian antolatu diren ekitaldietan parte hartzera.
Jaietako programaren onespena
Eguneko puntu nagusia herriko jaien egitaraua eta aurrekontua onartzea izan zen, abuztuaren 26tik 30era bitartean ospatuko baitira. Guztira 131.000 €-ko zenbatekoa izango dute kontuek, hau da, aurreko urtean baino ia % 10 gehiago, ekitaldien kalitatea sustatzeko. Diseinua modu parte-hartzailean egin da, Kultura Batzordearekin, peñekin eta herriko kolektiboekin batera.
Aurtengo egitarauaren alderdi nabarmenen artean hauek daude:
- Musika eta berbenak: Eguzki Plazan emanaldiak Joselu Anayak, En Esenzia y Escala orkestrekin, Xiberoots, Skabidean edo Bad Sound taldeen gazte kontzertuak eta DJ saioak.
- Haur eta gazteentzako eskaintza: Adin guztietarako programazioa; sormen tailerrak, ikuskizun parte-hartzaileak, rokodromoa eta uretako eta lurreko puzgarriak.
- Ekitaldi tradizionalak eta kirola: Alde Zaharraren Eguna, erraldoien elkarretaratzea, Bertso-Kalejira, zezensuzkoak egunero eta Pilota Jaialdi profesionala igandean.
- Nobedadeak eta jai bukaera: Larunbateko herri bazkaria kiroldegiko kanpoko pistara aldatuko da Yogurina Borovaren Bingo Trabesti eta Te lo dije Band lanarekin. Urrezko amaiera Los Tenampas mariatxiek jarriko diote igandean.
Onetsitako aurrekontu-aldaketak
Ekonomiari dagokionez, Udalbatzak behin betiko balioztatu zuen tokiko zerbitzuak kudeatzeko eta hobetzeko aldaketa teknikoen sorta:
- 2026/11ko aldaketa (Kreditu gehigarria): 25.082,25 € onartzea, diruzaintzako gerakinarekin finantzatuta, Usalandari agindutako zenbait udal eraikinen garbiketa gastuetarako aplikazioak kredituz hornitzeko (ikastetxe publikoa, eguneko zentroa, liburutegia edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzua).
- 12/2026 aldaketa (kreditu-gehigarria): 35.046,07 €-ko partida, Gaztegunerako eta Hazitxo Kluba zerbitzurako Usalandaren kudeaketa-gomendioari dagozkion gazte-jardueren gastuetarako.
- 13/2026 aldaketa (Diru-sarreren bidez kreditua sortzea): 5.528,00 € sartzea gazteen artean afektibitate eta sexualitatearen sustapenerako eta hezkuntzarako “Zentzumenen bidezko bidaia” programarako diru-laguntza batetik.
- 14/2026 aldaketa (aparteko kreditua): 7.397,50 € bideratzea, kiroldegian plaka fotovoltaikoak instalatzeko 2024an jasotako diru-laguntzaren zati bat itzultzeko.
- 15/2026 aldaketa (Kreditu gehigarria): 29.252,87 € gehigarriko inbertsioa, Haur Eskolako obren eta ekipamenduaren gastuak finantzatzeko.
Azkenik, Azkenik, Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren inguruko mozioa onartu zuen udalbatzak.