V. ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza online
Seme-alaben hazkuntza prozesuan badira une edo fase garrantzitsu batzuk non komenigarria den hausnartzea euskararen lekua zein izango den. Besteak beste, jaioberritan, eskolara sartu berritan, eskolako lehen ikasturtean, eskolaz kanpoko jardueretan hasten direnean… Azpian dituzuen aholku sortek logika kronologiko horri jarraitzen diote.
Zoriontasuna eta ongizatea, horixe da gurasoek seme-alabentzat nahi dutena. Eta helburu hori gogoan dutela aldiro ari dira erabakiak hartzen, izan elikaduraren inguruan, edo osasunarenean, nola lotarako errutinen inguruan… beti dabiltza hautu egokienaren bila. Bada, horiekin bezala gertatzen da hizkuntzarekin ere, sarri hartu behar izaten baitira euskarari lotutako erabakiak, eta ERA Eskolak, gurasoentzako online trebakuntzak, horretan lagungarri izan nahi du.
Batzuetan erabakiak hartzea ez da nahi bezain erraza. Informazioa falta zaigula iruditzen zaigu, gai guztiei buruz jakitea ezinezkoa dela, ondokoari entzun arte gai horretan inoiz ez dugula pentsatu… Horiek denak gogoan hartuta, eta inor ez denez ikasia jaio, ERA Eskola sortu zen 2020an: gurasoentzako trebakuntza online.
Aurtengo edizioan Estitxu Fernandez, Gotzon Barandiaran eta Saroa Bikandi hizlariek parte hartu dute, eta saio guztiak ERA.eus-eko YouTube kanalean ikusgai daude. Baita podcast formatuan ere.
Edizio guztiak ERAko Baliabideen atalean
ERA Eskolaren bost edizioak Baliabideen atalean dituzue eskura, Gurasoentzako Aholkuak azpiatalean.
2026ko hizlariak, gaiak eta saioetara loturak:
- Estitxu Fernandez Maritxalar, psikologo perinatala, idazlea, bertsolaria eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko langilea da eta honako gaiari buruz ariko da: “Ume baten zain: Saski linguistikoa prest? Bost aholku, ninia etxera etorri aurretik egiten hasteko”.
- Gotzon Barandiaran Arteaga, euskararen eta bere kulturgintzaren langile autonomoa da eta landu duen gaia: “Gurasoak euskarazko kulturgintzaren transmisore. Sormenaren eragin positiboa haurren hizkuntza-gaitasunean eta garapen integralean”.
- Saroa Bikandi Lopez, irakurzaletasuna sustatzeko bitartekaria da, ipuin kontalaria, kultur dinamizatzailea eta haur eta gazte literaturan aditua. Honakoa bere hizketagaia: “Nola irakurri album ilustratu bat? Testuaren eta ilustrazioaren fusioa transmisioaren lagun.”