1. OHITURAK – 3 AUZOLANA
Folklorea, festak eta erromeriak
Auzolana oso errotuta egon da gure herriko bizimoduan. Herrietan beti izan dira garrantzitsuak auzoen arteko harremanak, hirietan baino sakonagoak, dudarik gabe. Izan ere, ondoko auzoa senidetzat jotzen zen. Etxeko nagusia gaixotzen zenean auzokoek laguntzen zuten nekazari lanetan, ondoan zeuden hiletan, jaiotzetan edo galdutako abereak bilatu behar zirenean. Horrela ez bazen egiten, gizatasun eskaseko jokamoldetzat hartzen zen.
Hainbat herritan herritarrek jarraitzen dute, gaur egun, herriko lanak auzolanean egiten. Berriozarren ere lan garrantzitsuak egin dira auzolanean (bideak konpontzea edo eskola zaharra eraikitzea, adibidez), gaur egun galdutako ohitura bada ere. Auzo bakoitzak sei auzolanetan parte hartu behar zuen. Seigarrenetik aurrera, peoi bakoitzak lau pezeta kobratzen zituen, idi pareak 10 (1921. urteko datuak). Auzolanaren prezioa urte batetik bestera aldatzen zen. Horrela, adibidez, 1919ko maiatzetik irailera (lan handiko hileak nekazaritzan) 3,5na pezeta jaso zituzten peoiek (ez, berriz, Kontzejuak auzolan bakoitzeko eman ohi zuen litro ardoa), 4 pezeta 1921. urtean eta 14 pezeta 1947. urtean.