Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2023ko urriak 28

160 kirolari baino gehiago bilduko dira igande honetan Berriozarren “Euskal Sokatira 4×4” Txapelketaren I. edizioan

BKE Klubak antolatuta, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko 11 klubetako 40 talde bilduko dira playoff formatu berritzaile batean

Foto noticia

Datorren igandean, azaroak 19, Berriozarko kiroldegian ospatuko da “Euskal Sokatira 4×4” Torneoaren lehen edizioa. Bertan 160 kirolari eta 40 talde baino gehiagok parte hartuko dute lehiaketa formatu berritzaile batean, hasierako multzoen fasea eta finalera arte kanporatzeko playoff fasea izango dituena.

BKE Klubak (Berriozar Kirol Elkartea) Udalaren laguntzarekin antolatuta, herri kirolen modalitate hau modu erakargarri eta zirraragarriagoan aurkeztu nahi du, orain arte Munduko Txapelketetarako soilik gordetako formatuan.

Formatu berri horrek kluben interesa piztu du; izan ere, Euskal Herri osoko 11 Kirol Elkartek eman dute izena 4 pertsonako 40 taldetan, gizonezkoen, emakumezkoen, mistoko eta 23 urtez azpiko kategorietan. Multzoen hasierako fasean eta kanporaketaren bigarren fasean lehiatuko dira, final-laurdenetatik finaleraino, jokoan egongo diren lau txapeletako bat eskuratzeko. Izena eman duten klubak hauek dira: Zuraide, Lapurditik; Murueta eta Abadiño, Bizkaitik; Gipuzkoako Ibarra, Badaiotz, Arabatik; eta Beti-Gazte (Lesaka), Amaiur, Araxes (Araitz-Betelu), Txantrea, Antsoain eta Berriozar nafarrak.

Lau kategoria eta bi fase

Gaur goizean aurkeztu den txapelketa lau kategoriatan banatuko da, eta bi fasetan lehiatuko dira. Goizeko 10:30etan Gizonezkoen eta Emakumezkoen mailak jokatuko dira, lehenengoak 300 kiloko pisua izango du eta bigarrenak 245 kilokoa. Arratsaldean 23 urtez azpikoak eta kategoria mistoa jokatuko dira, 280 kiloko pisu-mugarekin.

Izena eman duten talde guztiak hasierako fase batean lehiatuko dira. Fase horretan, multzoko aurkari guztien aurka neurtuko dituzte indarrak, eta, ondoren, playoff fase batera sailkatuko dira, final-laurdenetatik final handira arte, hiru tiraldiko kanporaketetan.

Gainera, klubek eta ikusleek bazkari herrikoia eta Abian taldearen kontzertua izango dituzte. Bazkarirako txartelak 13 euroko prezioan eros daitezke herrikirolak@bke.eus helbidearen bidez. Labarga eta Zulo Alai Elkarteek ere parte hartu dute ekitaldian, bazkariaz haiek arduratuko dira, eta bermut orduan bi elkarteen arteko sokatira lehia herrikoian neurtuko dituzte indarrak.

Sokatirari bultzada

Aurkezpenean, antolatzaileek nabarmendu dute “kirolarientzat eta publikoarentzat erakargarriagoa” den formatua dela. “Sokatira ardatz duen ikuskizuna da, Nafarroan hain errotuta dagoen kirol tradizional honi balioa eta prestigioa emateko ekitaldia.”

Bestalde, Irati Agirre Martiartu Berriozar Kirol Elkarteko presidenteak parte-hartzearen arrakasta azpimarratu nahi izan du. “Sokatiraren urrezko arotik txapelketarik handiena da. Txapelketa hau ahalegin eta mimo handiz prestatu dugu, eta gainerako klubek eskertu egin digute eta guk haiei esker onak itzuli nahi dizkiegu. Sokatira prestigiatu eta baloratzeko eta publiko zabalago batengana hurbiltzeko balioko duela uste dugu. Helburua da jendeak inoiz ez bezala gozatzea kirol honetaz”.

Volver arriba