Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2018ko otsailak 5

2018ko inauteriak: otsailaren 9, 10 eta 13an

AgendaCultura02.2018TVDatorren asteburuan Berriozarko Inauteria ospatuko dugu. Ostiral goizean haurrentzako jarduerak antolatuko dira eskoletan eta institutuan. Ostiral arratsaldetik aurrera XIX. mendeko gerrillari izan zen Txolin pertsonaiaren inguruko Inauteria kalera aterako da. Txolin, “txatxoen” laguntzarekin, kalez kale ibiliko da dantzan, preso hartu nahi duten “gabatxoengandik” ihesi.

Hator hire mozorroa jantzita eta parte hartu!

Egitaraua ikusi.

Txolinen istorioa:

TXOLIN gure historiako pertsonaia bitxia da. Felix Sarasa izenez Berrigoitin jaio zen 1768. urtean. Artikako Catalina Sarasarekin ezkondu eta harko alkatea izatera heldu zen. TXOLIN goitizena jarri zioten Artikako etxe horretan bizi zelako, Txolinena edo Zolinena.

Frantsesek gure lurra okupatu zutenean (1809an) Txolinek ihes egin zuen, frantses soldadu batzuekin liskarra izan eta gero. Matxinatu eta Espoz Mina jeneralaren ordezkaria izan zen. Ospetsu samar bilakatu zen eta frantsesek 2.000 ogerlekoko saria eskaini zuten gerlaria harrapatzearen truke.

Reille kondeak, garai hartako Iruñeko gobernadore militarra eta tropa frantsesen burua, bando bat argitaratu zuen Txolinen burua eskatzen. Bandoa euskara hutsez idatzi zuen, Iruñerrian mintzatzen zen hizkuntza eta Txolinek ezagutzen zuen bakarra (gaztelaniaz oso gaizki moldatzen zen).

Pertsonai gerrilari, euskaldun eta parrandazalea 1987an hautatu genuen Berriozarko Inauterietako protagonista izateko. Ordutik hona Txolin dugu Konpartsako burua ta berari eskaintzen zaizkio inauteriko kanta eta dantza.

Honakoak dira konpartsako gainerako pertsonaiak: txatxoak, sorginak eta frantsesak, azken horiek Reille kondea buru dutela.

Volver arriba