Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2016ko martxoak 2

Berdintasun Zerbitzuak martxan jarri du emakumeei zuzendutako running taldea

Berriozarren kirola egiten da, eta modu osasungarri batean praktikatzeko helburuarekin, emakumeei zuzendutako running (korrika egitera atera) taldea osatzeko ekimena martxan jarri da.

Ekimena Udalak antolatu du, Berdintasun Zerbitzuak, Kirol Zerbitzuak eta Kiroldegia kudeatzen duen Berrikilan enpresak, hain zuzen. Esan behar da proiektua onartu berri den III. Berdintasun Planaren barruan kokatzen dela.

Ideia da herriko emakumeak korrika egitera atera daitezen talde bat osatzea eta, kirola egiteaz gain, beste emakumeekin elkartzeko eta bizitza osasungarria izateko aukerak zabaltzea. Jakina da taldean korrika egiteak bakarrik egiteak sor dezakeen beldurra gainditzen lagundu dezakeela eta segurtasun sareak sortu.

Begirale batek bideratuko du taldea, herriko korrikalari ezagun batek, eta entrenamendu bakoitzean kirola baldintza onetan nola egin azalduko du. Bi maila egongo dira, beraz, edozein emakumek parte hartu ahalko du talde honetan: inoiz kirolik egin ez duena eta egiten hasi nahi duena (0 maila) edota aurretik kirol pixka bat egin duena baina disziplinaz eta talde batean egitea bilatzen duena (1. maila).

Saioetako batean herriko erizainek eta Kiroldegiko begirale batek hitzaldia emango dute eta kirola modu osasungarrian egiteko elikadura, jarrera eta gainerako jarraibideei buruz jakin beharrekoak azalduko dituzte.

Berriozarko Krossa maiatzean egingo da. Aurten emakume gehiagok parte hartzeko bidea izan daiteke talde honen sorrera.

Bestalde, proiektu honen barnean, kirol eta generoaren inguruko sentsibilizazio hitzaldia egingo da martxoaren 11n Berriozarko Kiroldegian, arratsaldeko 19:00etan: “Emakumeak eta gizonak: gaitasun ezberdinak, kirol ezberdinak?” Ainhoa Azurmendi psikologoa, kirol aholkularia eta berdintasun teknikariak eskainia.

Running taldean izena emateko epea (0 mailan edo 1. mailan) zabalik martxoaren 14a arte, 636475425 telefonoan (WhatsApp), igualdad@berriozar.es posta elektronikoan eta aipatutako hitzaldian.

Volver arriba