Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2025eko maiatzak 20

Berriozar Herria Saria 2025

Foto noticia

Pilota-partidek eta harri-jasotze, trontza eta txinga txapelketek osatzen dute, batez ere gizonezkoena den herri-kirolean emakumeei tokia egitea helburua duen programazioa. 

Berriozar Kirol Taldeak eta Berriozarko Udalak bat egin dute Berriozar Herria Sariaren hirugarren edizioa ospatzeko. Sari horren bidez, tradizioz maskulinoak izan diren euskal kiroletan emakumeen presentzia bultzatu eta indartu nahi da.

Alde batetik, esku pilota erakustaldiko bi partida jokatuko dira, Ados Pilota klubeko pilotariekin, bata binakakoa eta bestea 4 ½ koa. Aurten, gainera, bertso-pilota ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Euskal Herriko frontoiak zeharkatzen ari den formatu berritzailea, kultura eta kirola uztartzen dituena. Arrieta, Mendiburu eta RL Mujika alde batetik, eta Berrokal, Orbegozo eta Aranburu bestetik, izango dira aurtengo pilotariak. Uxue Fernandez eta Mailaen Akizu izango dira, hurrenez hurren, emakume kirolariei bertso bidez aholkuak eman beharko dizkieten bestrsolariak.

Lehiaketari dagokionez, herri kiroletako hiru modalitatetako emakumezkoen txapelketak izango dira: harri-jasotzea; 2 minutu 50kg-ko bolarekin, trontza; 8 ebaketa kategoria absolutuan eta 6 ebaketa hasiberri edo sub23 eta txingekin; 18 metroko plaza gehiago, bakoitza 35kg-ko txingekin.

2025erako, 17 dira izena eman dutenak; lau harri-jasotzaile, lau hasiberri trontzan eta bi absolutuetan, eta zazpi txingetan. Horietatik sei Berriozarko kirolariak dira.

Aurten, antolatzaileek protagonismo berezia eman nahi izan diote gazteriari eta horregatik, Berriozarko herri kirolen eskolak bere lehen erakustaldia egingo du, orain arte ikasitakoa erakutsiz. Bestalde, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek sormen, punteria, mahai jolas eta abarrez gozatzeko aukera izango dute.

Azkenik, sari banaketarekin batera, Berriozarko pilota eta herri kiroletako eskolei, zehazki, haien parte-hartzaileei, aitorpena eginen zaie, kirolean berdintasunarekin eta euskaraz aritzearekin duten konpromisoagatik.

Ibilbidea

Antolatutako hiru edizioetan 66 emakume baino gehiagok hartu dute parte, Nafarroako zein Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako kirolariak ordezkatuz; 12 harri-jasotzaile (8 nafar), 42 tronzalari (40 nafar), eta 12 txingalari (7 nafar). Izenen artean, Nerea Arruti, Euskal Herriko aizkolari eta euskal pentatloi txapelduna, Iraizoz ahizpak trontzan, Euskadiko eta Nafarroako trontza txapeldunak behin baino gehiagotan, edo Esti Gastearena, Nafarroako txinga txapelduna.

 

Volver arriba