Berriozarko Osasun Etxearen inaugurazio herrikoia

Urriaren 10ean, asteartea, 18:00etan, Berriozarko Osasun Etxearen inaugurazio herrikoia izanen da.
Ate irekien jardunaldi honetan, zentroan lan egiten duten profesionalen taldeak bertan eskaintzen diren instalazioak eta zerbitzuak erakutsiko dizkie herritarrei. Proiektu handia da, eta, horregatik ekitaldi handia egin nahi dugu, erabiltzaile guztiek parte har dezaten; izan ere, zentroko azpiegiturak hobetu egin dira, kalitatezko lehen mailako arreta eta erantzun hobea bermatu ahal izateko.
Espazio berriak 700 metro karratuko azalera du, eta kupoetarako 13 kontsulta berri, gaixo larri eta kronikoen erizaintzako kontsulta, erauzketa-gela, kirurgia txikiko gela, egoiliarrentzako kontsulta eta erabilera anitzeko gela ditu. Azken honetan osasun-hezkuntzako jarduerak eta psikologia eta fisioterapiako zerbitzu berriak egiteko asmoa dago.
Eraikin zaharrean Larrialdietako, Pediatriako, Gizarte Laneko, Fisioterapiako, Psikologiako eta Harrera Zerbitzuko kontsultak mantentzen dira. Berriozarko osasun-etxeak familia-medikuntzako espezialistak trebatzen ditu, eta, beraz, eraikin berri horretan lanerako eta kontsultarako guneak izango dituzte.
Erabiltzaileek egungo atetik sartzen jarraituko dute, eta harrera-gune berria ezkerraldean egonen da. Larrialdi kasuetan, xede horretarako dagoen gela bertan egonen da, bizkortze-elementu guztiekin.
Laburbilduz, obra honek instalazio modernoa sortu digu, ia lan-eremu guztiak hobetuko dira eta plantilla handitu ahal izango da, behar izanez gero, gune zaharrean zein berrian. Zentroak espazio erosoagoa eta bizigarriagoa eskainiko du Atetz, Berriobeiti, Ezkabarte, Iza, Xulapain, Larraun eta Odietako oinarrizko eremuei arreta egokia eskaintzeko.