Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2022ko ekainak 28

Berriozarko Udalak bat egin du Nafarroako Gobernuaren “Harrotasunez jarraitzen dugu hemen” kanpainarekin, adineko LGTBI+ pertsonak ikusarazteko

Foto noticia

Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Sexu- eta genero-aniztasunari balioa emateko data. 53 urte igaro dira 1969an Stonewalleko (New York) istiluak gertatu zirenetik. Gertaera horietan LGTBI+ pertsonek haiek ulertu ez eta klandestinitatera eta gizarte-ikusezintasunera kondenatzen zituen gizarte baten aurrean planto egin zuten. LGTBI+ pertsonen eskubide eta askatasunen aldeko lehen erakunde ekintzaileak sortu zituzten orduan.

Nafarroan, lehen LGTBI+ harrotasun eguna 1980an ospatu zen Tuteran, Nafarroako Koordinadora Feministako Lesbiana Feministen eskutik. Bi urte geroago, 1982an, ospatu zen lehen aldiz Iruñean, gure Foru Erkidegoan antolatzen hasiak ziren LGTBI+ kolektiboen eskutik. Gaur egun, mugimenduak indartsu jarraitzen du, eta LGTBI+ pertsonen kolektiboak espero du administrazio publiko guztien aldetik beren eskaera eta helburuen mailan egotea.

Baina lortutakoa ez zatekeen posible izango gure aurretik ibili eta bidea erraztu zutenen lan guztia gabe. Horregatik, aurten, Nafarroako Gobernuak sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatu eta defendatu zuten pertsona guztiak baloratu nahi ditu, hori egitea zailagoa zenean. Gaur egun, hau esan dezakete: «Harrotasunez, hemen jarraitzen dugu», Nafarroako Gobernuak horien guztien omenez egindako kanpainaren leloa. Ausardiari esker, LGTBI+ pertsonek askatasun handiagoz bizi dezakete beren orientazio sexuala edo genero-identitatea.

Garrantzitsua da herritar guztiei erakustea LGTBI+ adinekoak existitzen direla, sexu-orientazioa edo genero-identitatea ez dela aldatzen urteen poderioz, eta, horiek behar bezala zaintzeko, gure gizartean hain barneratuta dugun heterosexualitate-presuntzioa eta identitate zisgeneroa hautsi behar direla.

Asko aurreratu da hasieratik, baina oraindik ere badago lana LGTBI+ pertsonen berdintasun soziala lortzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuak berretsi egiten du Nafarroako herritar guztientzat, LGTBI+ pertsonak barne, onuragarriak izango diren politika publikoak bultzatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa.

Sexu- eta genero-aniztasuna giza eskubideen gaia da, herritar guztientzat onuragarria, eta ezin da inolako atzerapausorik onartu. Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernutik eta Berriozarko Udaletik, herritarrak animatu nahi ditugu ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren ekitaldietan parte hartzera, espazio publikoak kolorez eta aldarrikapenez betez, Nafarroa askoz ere berdintasunezkoagoa eta anitzagoa izan dadin.

Volver arriba