Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2019ko urtarrilak 13

Bizi-testamentua edo Aurretiazko Borondateen Agiria

Zer da agiri hori, eta zertarako balio du?

Agiri horretan, sinatzaileak –adinez nagusia– aldez aurretik adierazten du, libreki eta jarduteko gaitasuna duelarik, zer nolako zaintza eta tratamenduak jaso nahi dituen –edo jaso nahi ez–, egoera terminalean egonik, horien gainean deus adierazteko ezgaiturik dagoenean. Adierazten ahal da bizitza artifizialki ez luzatzeko gogoa, eta baita behar diren botikak ematea, ahalik eta gehien arintzeko gaitzak edo jario- edo elikagai-gabeziak eragindako ondoeza eta sufrimendu psikiko zein fisikoak.

Horrez gain, adierazten ahal dira baita norbere gorputzaren organo edo ehunak, edo gorputza bera, emateko borondatea, transplanteak egiteko, edo irakaskuntza zein ikerkuntzarako.

Gomendagarria da ordezkari bat izendatzea, haren bitartez bermatzeko Testamentua egin duen pertsonaren nahiak bete eginen direla.

Nola egiten da?

Agiria idatzi behar da, norberarentzat garrantzia duen guztia adieraziz. Erabiltzen ahal dira baita sarean dauden eredu batzuk. Eredu horiek, beharrezko informazio guztiarekin batera, Aurretiazko Borondateen Erregistroan zein osasun-zentroetan ematen dituzte, eta Interneteko bilatzaileetan erre aurkitzen ahal dira, esteka hauetan:

  1. Nafarroako Aurretiazko Borondateen Erregistroa. Aurretiazko Borondateak erregistratzea – Nafarroa.es
  2. DMD (Duintasunez Hiltzeko Eskubidea) elkartearen bizi-testamentua / Nafarroa.pdf (gaztelaniaz)
  3. Testamento Vital de la Conferencia Episcopal

 Non aurkezten ahal da?

Agiriarekin batera, egiten duen pertsonak eta ordezkari izendatu duenak sinatuta, pertsona horien bien NANaren kopia bana aurkeztu behar da (agiriak aurkezteko unean pertsona ordezkariak ez du zertan bertaratu), hauetako baten aurrean:

  • Aurretiazko Borondateen Erregistroa (Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzua). Amaia kalea, 2 A, 3. solairua. Iruñea.
  • Osasun-zentroetako profesionalak, esaterako, osasun-zentroko gizarte-langilearen aurrean.
  • Notarioa. Ordaindu egin behar da, eta gerora Erregistrora eramateaz arduratu behar da.
  • Lekukoak. Nekezagoa da, pertsona inplikatu guztiak bildu beharra eskatzen duelako.

Zer eginen da Agiriarekin?

  • Lehenik eta behin, Nafarroako Aurretiazko Borondateen Erregistroan inskribatuko da. Erregistro hori eskura izenen dute mediku orok, arlo pribatuan zein publikoan aritu, betiere gako pertsonalen bitartez, egin duten kontsultaren berri uzte aldera.
  • Lehen Mailako Arretako Historia Klinikora bidaliko da, non ikono jakin batek zuzeneko sarbidea emanen duen agiria kontsultatzeko.
  • Aurretiazko Borondateen Estatuko Erregistrora bidaliko da, zeina eskuragarri dagoen gainerako autonomia erkidego gehienetan.

Hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legearen 18.4 artikuluarekin bat etorriz, osasun arloko profesionalek aurretiazko borondateen erregistroa nahitaez kontsultatu beharko dute.

Zenbait aholku

• Gomendagarria da agiriaren kopia bat gordetzea, ordezkariak ere beste bat gordetzea, eta familian horretaz mintzatzea, senideek jakin dezaten.

• Jakinarazi egiozu zure familiako medikuari, eta eskatu egiazta dezala zure historia klinikoan dagoela. Hala bada, zure historia klinikoan baldin badago, eskatu egiozu nabarmendu dezala, hobeki ikus dadin.

• Bidaia batera joatekoa bazara, eramazu zurekin, historia klinikoarekin batera (nahiz eta zenbait Aurretiazko Borondateen Estatuko Erregistroan egonen den).

Volver arriba