Eolos Race oztopo-lasterketa Berriozarren
2026ko otsailaren 6an eta 7an, Berriozarko Eolos Race lasterketaren bigarren edizioa eginen da.
Otsailaren lehen asteburuan, 2026ko otsailaren 6an eta 7an, Berriozarko Eolos Race lasterketaren bigarren edizioa eginen da. Kirol proba hau egutegian finkatu da, 2025ean izan zuen arrakastaren ondorioz, 500 pertsona baino gehiagok eman baizuten izena. Lasterketa Eolos Race Leagueko parte da. Liga hori hainbat autonomia-erkidegotako hitzorduek osatzen dute.
Iaz bezala, kirol-maila eta profil desberdinetara egokitutako hiru proba eskainiko ditu ekitaldiak, parte-hartzea sustatzeko eta kirol-jarduera sustatzeko natura-ingurune paregabe batean: Ezkaba mendian eta haren inguruan.
Berriozarko Udala eta Eolos Race, kirol ekitaldiak sustatzen dituen enpresa, elkarlanean ari dira berriz ere ekitaldi hau antolatzeko. Helburua da nork bere burua hobetzea, kirolaz gozatzea eta ingurune naturala errespetatzea.
Lasterketak hiru distantzia izango ditu asteburuan zehar banatuta. Larunbatean, otsailaren 6an, Secutor lasterketa egingo da, 5 kilometroko herri-ibilbidea eta 20 oztopo dituena, mota horretako probetan hasi nahi dutenentzat edo taldean kirolaz gozatu nahi dutenentzat diseinatua. Otsailaren 7an, igandea, bi modalitate gogorrenak izango dira: alde batetik, Tracio, 7 kilometro eta 25 oztopo dituena, eskarmentu apur bat duten parte-hartzaileentzat pentsatua; eta, bestetik, Reciario, zailtasun handieneko proba, 11 kilometro eta 30 oztopo dituena, korrikalari aurreratuenentzat.
Modalitate horiei esker, esperientzia handiko kirolariek eta horrelako proba batean lehen aldiz parte hartzen dutenek beren mailarako egokia den aukera bat aurki dezakete. Gainera, kategoria lehiakorrek sailkapen orokorra eta modalitate bakoitzean sailkatutako lehen hiru pertsonentzako sariak lortzeko aukera izango dute.
Berriozarko Udalak gorabidean dauden eta ingurunea errespetatzen duten kirolak sustatzeko konpromisoa hartu du, eta ekimen herrikoi eta inklusiboak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte lasterketan parte hartzera, koadrilarekin, lagunekin edo familiarekin kirolaz gozatuz, herriko gune naturaletan ibiliz eta jarduerak irauten duen bitartean ingurua zaintzearen eta errespetatzearen garrantzia gogoratuz.