Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2024ko azaroak 6

Eguesibarko, Zizur Nagusiko, Berriozarko eta Iruñeko bizikletetarako aparkaleku estaliak sare bakarrean bateratuko dira, herritarrei erabilera errazteko

Foto noticia

Iruñeko, Eguesibarko, Zizur Nagusiko eta Berriozarko udalek bizikletetarako aparkaleku estalien sareak eta moduluak zerbitzu bakar batean bateratu dituzte, herritarrek errazago erabil ditzaten. Bateratze-hitzarmen bati esker, sare bakar bat sortuko da eta sare horrek hamabost bat modulu eta aparkaleku izanen ditu, bizikletetarako 400 leku baino gehiagorekin. 

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Iker Mariezcurrena Celaya Berriozarko alkateak, Jon Gondán Cabrera Zizur Nagusiko alkateak eta Xuriñe Peñas López Eguesibarko alkateak sinatu duten bateratze-hitzarmen hori lau urtez egonen da indarrean, 2028ko urriaren 1era arte, eta gehienez ere lau urtez luzatzen ahalko da.  Bizikletetarako aparkaleku horien edozein erabiltzailek eskura izanen ditu sareak eskaintzen dituen zerbitzuak. Bizikleta horiei guztiei erabilera-baldintza eta tarifa-sistema berberak aplikatuko zaizkie.

Berriozarren Euskal Herria plazan kokatuta dagoen 20 plazako aparkaleku estali bat dago; Zizur Nagusian 20 plazako bi modulu daude Erreniaga parkean eta Gazolatzeko bidean; Eguesibarren 50 plazako bi modulu gehiago daude Espainia etorbidean eta Jorge Oteiza etorbidean; eta Iruñean aparkaleku estalien hamar modulu daude, hiriko hainbat auzotan banatuta 300 plaza dituztenak. Herri horien modulu edo aparkaleku gehiago sortuko balira, horiek ere sarearen parte izanen lirateke. 

Iruñeak konpromisoa hartuko du Berriozarko, Eguesibarko eta Zizur Nagusiko aparkaleku eta moduluen kudeaketaren eta mantentze-lanen zerbitzuak eragindako gastuen % 50 bere gain hartzeko, behin erabiltzaileek ordaindutako zenbatekoak gastu horietatik deskontatuta. Erabiltzaileek  sareko aparkaleku guztien mantentze- eta kudeaketa-gastuen ehuneko jakin bat ordainduko dute. 

Sinatutako hitzarmenak sarearen euskarrian egin beharreko aldaketa guztiak jasotzen ditu, udalak aparkalekuen jabe gisa argi eta garbi identifikatzeko eta sarearen irudi grafikoa homogeneizatzeko. Halaber, eginen diren hedapen-kanpaina eta komunikazioetan sarearen erabilera sustatzea aurreikusten da. Azkenik, zerbitzuen ustiapen datuei buruzko eta erabiltzaileek egindako ordainketei buruzko informazioa partekatuko da. 

Volver arriba