SOS Arrazakeria Nafarroak eta Berriozarko Udalak abian jarri dute etxeko eta zainketetako emakume langileentzako lehen etxea Nafarroan

8 emakumerentzako lekua duen pisua, etxeko eta zainketetako langileei 6-12 hilabetez espazio duin eta seguru batean bizitzeko aukera emango diena
Gaur goizean, Berriozarko Udaleko eta SOS Arrazakeria Nafarroako ordezkariek “Juntas nos cuidamos” aurkeztu dute. Proiektu honen bidez, etxeko eta zainketetako langileek beren ongizate fisikoa eta emozionala hobetu, laguntza-sareak sortu eta autonomia handiagoa izango dute. Orain arte larrialdi egoeretarako harrera gune gisa erabili izan den etxebizitza batean, etxeko eta zainketetako 8 emakume langilek elkarbizitzeko aukera izango dute.
Etxebizitzak 4 logela ditu, bakoitza bi emakumerentzar, eta beste gune komun batzuk, hala nola sukaldea, jangela edo komunak. Egonaldiak gutxienez 6 hilabetekoak eta gehienez urtebetekoak izango dira. Parte hartu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dituzte emakumeek: familiarik ez izatea, etxeko eta zainketetako langileak izatea eta bizikidetzarako barne kode bat betetzeko konpromisoa hartzea.
Proiektua azken urtean garatu da Berriozarko Udalaren, Gizarte Zerbitzuen eta SOS Arrazakeria Nafarroaren parte-hartzearekin. Azken hauek arduratuko dira etxebizitzaren kudeaketa komunitarioaz, hala nola, hautagaiak aukeratu, diagnostikoak burutu edo harrera-aldiak egingo dituzte.
“Juntas nos cuidamos” Etxea proiektu aitzindaria da Euskal Herrian, eta etxeko eta zainketetako emakume langileentzat espazio seguru eta duina eskaini nahi du, gehienbat emakume migratzailez osatutako kolektibo bat, lan-prekarietateari, kalteberatasun juridikoari eta gizarte-isolamenduari aurre egin behar diena.