Zulo Alaik bere 50. urteurrena ospatuko du Berriozarren, jaietako txupinazoa jaurtiz
Abuztuaren 27tik 31ra bitartean Berriozarrek bost jaiegun biziko ditu, adin, talde eta publiko guztientzako jarduerekin. Iazko aurrekontua ia %10 igota, kaleko musikan eta haurrentzako jardueretan oinarritzen da batez ere inbertsioa.
Abuztuaren 27tik 31ra bitartean Berriozarrek bost jaiegun biziko ditu, adin, talde eta publiko guztientzako jarduerekin. Iazko aurrekontua ia %10 igota, kaleko musikan eta haurrentzako jardueretan oinarritzen da batez ere inbertsioa.
Jaiak beti dira ezinbesteko hitzordua herri bateko elkarteentzat. Baina horri urtemuga baten ospakizuna eta txupinazoaren jaurtiketa gehitzen bazaizkio, momentu bereziagoa bihurtzen dira oraindik. Aurten, Berriozarko jaietako txupinazoa Zulo Alaik botako du, 2025ean 50 urte betetzen dituen elkarteak.
Opari honekin, Udalak elkarteak Berriozarrekin duen konpromisoa goraipatu nahi izan du, baita bazkide guztiek “herritik eta herriarentzat” egiten duten lana ere.
Zulo Alai, Betiokoak aintzinean, 1975. urtearen amaieran parrokiako lokaletan kokatutako Gazteen Elkartean biltzen ziren pertsonek sortutako peña izan zen. Bere sorrera Berriozarko erretoreen eraginari esker dator hein batean, oso dinamikoak baitziren eta gazteen parte-hartzea sustatzen baitzuten. 1985ean, Betikoak peña desegin egin zen, eta Errekalde kalean lokala erostearekin batera, kide ohiek Zulo Alai Elkartea sortu zuten. Ordura arte jaietan bakarrik izaten zuen jarduera eta honekin urte osoan zehar herrian erreferente izaten jarraitzeko apustua egin nahi izan zen. Orduz geroztik, Berriozarko ikonoetako bat izan da kirol, kultura, gastronomia edo euskararen sustapenean. Gainera, gizonezkoek zituzten eskubide berdinekin emakume bazkideak onartu zituen lehen elkarteetako bat izan zen. Gaur egun 140 bazkide baino gehiago ditu bere lerroetan, eta haien artean, gazte askok Betikoen memoria bizirik mantentzen dute.
Ekitaldien egitaraua
Hildo herrikoi eta parte-hartzailearekin jarraituz, Berriozarko jaietako egitarauak jarduera anitzak biltzen ditu, batez ere herritarren parte-hartzea eta herriko kolektibo, peña eta erakundeen inplikazioa bilatuz, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke jaiak antolatzea.
Ostegunean, hilak 28, neska-mutil nagusiak izango dira alde-zaharrean protagonista, ohikoa den bezala, beren dantza tradizionalarekin. Hau Berriozartarren artean xarma berezia duen ekitaldietako bat da. Programazioaren artean, aurten, larunbateko bazkari herrikoia nabarmendu behar da, 26 urte baino gehiagoren ondoren berreskuratzen dena eta Ilargi Pistan 400 pertsona bilduko dituena.
Musika-aniztasunari dagokionez, eszenatoki ezberdinetan egongo dira: rantxerak, jotak, sevillanak, rocka, ska, punka, formatu handiko orkestrak, gazteentzako DJak eta, berrikuntza gisa, Abba musikal mitikoari omenaldia, Elkarrekin Abesbatzak eta Doinua Musika Bandak elkarrekin antolatua, ostegunean, hilak 28.
Beste musika formatu batzuk ere mantentzen dira, hala nola bermuta Jubilatuen Elkartean ostiralean edo gaueko errondak txarangarekin asteburuan. Bestalde, Turrillas Plazan haurrentzako jarduerak finkatu dira. Jaiei amaiera bikaina emateko, Tenampek bere Mariachi osoa eskainiko du igandean, hilak 31, 20:00etan, Ilargi pistan.
Berriozar, eraso sexistarik gabeko herria
Aurten ere Berriozarko herriak indarkeria matxista ororen aurkako bere jarrera erakutsi du, emakumeen aurkako inolako manifestaziorik herrian onartuko ez dela berretsiz.
Berriozarko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, eta herriko Talde Feministarekin batera, jaietan eraso sexisten aurkako protokolo bat garatu du. Edozein erasori aurre egiteko telefono bat (660344692) edukitzeaz gain, ostegunean, 21etatik 1etara, Berriozarko alde zaharrean puntu more bat jarriko da.
Helburu berarekin, Berriozarko Udalak bat egiten du Nafarroako Gobernuak antolatutako “Berriozarren gozatu, partekatu eta errespetatu” kanpainarekin. NABIk, NOPLOIk, NGIk eta Hezkuntza Departamentuak sinergiak batu dituzte indarkeria sexistak prebenitzeko eta harreman guztietan tratu onak sustatzeko.
Jaietan euskaraz jantzi!
Aurten, Atarrabia, Burlata, Aranguren, Esteribar, Gares, Uharte, Tafalla edo Zizur bezalako beste herri batzuekin batera, Berriozarrek “Jaietan euskaraz jantzi!” kanpaina jarri du martxan, jai giroan euskararen erabilera bultzatzeko.
Horretarako, hainbat material sortu dituzte euskara zerbitzuek: txosnetan eta tabernetan euskaraz eskatzeko gida azkarra, zerbitzarientzat gehien erabiltzen diren hitzen eta aholkuen zerrenda edo euskarazko komunikazioa errazteko pegatinak.