ELENCO, 2012ko BerriRock lehiaketako irabazlea
Heme_2012
La Niña Hilo taldeak, Indie pop eta punk estiloko musikaren bidez, emanaldi koloretsua eta argitsua eskaini zuen BerriRock-en.

La Niña Hilo taldeak, Indie pop eta punk estiloko musikaren bidez, emanaldi koloretsua eta argitsua eskaini zuen BerriRock-en.
Hala ere, lehiaketako bigarren lekuan geratu zen, ezin izan baitzuen gainditu Elencok agertokian erakutsitako indarra. Izan ere, jauziak etengabeak izan ziren, bakarlaria behin eta berriro ibili zen agertokitik lurrera eta lurretik agertokira eta abeslaria ikusleen artera joan zen break dance egitera, mikrofonoa eskuan. Hori ikustean ulertu genuen kontzertua baino lehen taldekideek egindako berotze-ariketen zergatia: muskulu-lesioak saihestea…
La Niña Hilo taldeak agerian utzi zuen musika estilo originala duela, sailkatzeko zaila; musika independentearen aldeko apustu argia. Abeslariaren janzkeran ñabardura nipondarrak antzeman daitezke, “lolitena” ekartzen baitu gogora, japoniarren tradizio kontserbadorearekin hausteko helburua duen joera gaztea.
Bi talde berriek indar handia ekarri zuten eta horrela azaldu zuten agertokiaren gainean. Epaimahaiak zaila izan zuen batzuen edo besteen alde egitea, bi taldeek erakutsitako maila oso antzekoa izan baitzen; musika estiloak, aldiz, erabat ezberdinak eta konparatzen zailak: Elenco talde errioxarraren metal-rapa eta La Niña Hiloren Indie popa. Hori ikusita, beharrezkoa jo zen hurrengo BerriRock lehiaketetan bi lehiakideren arteko berdinketa aurreikustea. Izan ere, La Niña Hilo taldearen benetakotasuna eta Elenco-ren taularatzea maila berekoak izan ziren eta zaila izan zen Elenco taldeko abeslariaren saio kameleoikara La Niña Hiloren sormenaren aurretik lehenestea. Originaltasuna biziki ongi baloratu zuen epaimahaiak, baina ez zen nahikoa izan. Edonola ere, Tutera, Ribaforada eta Cadreitako La Niña Hilo bandari epaimahaikideengan eragindako inpresio onaren berri eman nahi diogu.
Heldu den BerriRock arte!
