Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

Gipuzkoa etorbidetik Zortzikoko biribilgunerako irteera hobetzeko lanak.

Heme_2015

Berriozarko Udalak onartu du administrazio baldintzen eta baldintza teknikoen plegua Gipuzkoako etorbidetik Zortziko biribilgunerako sarbideak hobetzeko lanak egiteko. Lanak Berriozarren udal barrutian egin beharrekoak dira eta helburua dute garraio publikoa eta Decathlon saltokira sartzeko inguruan dagoen bide sarea hobetzea. Lanak enkantean hartzeko eskainiko dira, prozedura ireki baten bidez, eta 2014ko abenduan sinatutako hitzarmenaren testuinguruan kokatu behar dira (Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Decathlon España S.A. sozietatearekin izenpetutako hitzarmena, Nafarroako Gobernuaren Sustapen Departamentuak laguntzen duena).

Lanen aurrekontua 181.714,82 eurokoa da (BEZa barne). Berriozarko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Decathlon España S.A. sozietateak ordainduko dute, hobekuntzen onuradun gisa. Gauzatzeko modua hitzarmenean zehaztu zen: Sustapen Departamentuak, Errepideak Zaintzeko Zerbitzuaren bidez, %25 eta enkantean hartzeko eskaintzaren enpresa esleipendunak %75.

Lanen barnean, biribilgunera doan espaloiaren azken zatia kenduko da, ez baita erabiltzen, oinezkoak eta txirrindulariak lur azpiko igarobidetik ibiltzen direlako (goitik ibiltzea oso arriskutsua denez, debekatuta dago). Era berean, dagoen toki guztia lau bidetan edo lerrotan banatuko da: bat biribilgunetik Berriozarrera sartzeko izango da, eta beste hirurak, Gipuzkoako etorbidetik ateratzeko. Hiru bide horien artean, ezkerrekoa etorbide horretatik dabiltzan autoek baino ez dute erabiliko; erdikoa, berriz, merkataritzako saltokitik ateratzeko eta Auzalor kaletik iristen diren ibilgailuek erabiltzeko izango da; eta eskuinekoa billabesek besterik ez dute erabiliko. Billabesek azken geralekua luzatuko dute bide horretatik biribilguneraino.

Hartara, Gipuzkoako etorbidean eta Auzalor kalean izaten diren auto ilarak arindu nahi dira, Berriozarren udal barrutiaren irteeran, eta 16. linea azkar ateratzea erraztuko da. Gogoan izan behar da, linea horren ibilbidea Iruñerriko luzeena dela eta auto ilarek nabarmen eragiten diotela zerbitzuari.

Planteatu den irtenbidea bateragarria da Iruñerriko zirkulazioko gune korapilatsu honi buruz Nafarroako Gobernuaren Sustapen Departamentuak eginak dituen azterlanekin.

Hasi eta, gehienez ere, bi hilabete eta erdiko epean egingo dira lanak, eta, aurreikusi denez, apirilaren hasieran ekingo zaie, Aste Santuaren ondoren.

Berriozarko Udalak kudeatuko ditu lanak eta Sertecnaren zuzendaritza profesionalaren pean egingo dira (Sertecna proiektua idatzi duen ingeniaritzako taldea da).

Lan hauek, hain zuzen, Berriozarko saltokiaren merkataritza eremua handitzeko Decathlon bideratzen ari den proiektuaren barnean daude. Enpresa horretako teknikariek espero dute 2015eko udan martxan egotea.

Lanen planoak, autobusa, Berriozar

Volver arriba