Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2025eko urriak 1

Aurrera Beti! Euskara Kirolean, Berriozarren euskara eta kirola uztartzen dituen programa

Berriozarko Udalak, kiroldegiarekin eta kirol klubekin batera, Berriozarko egunerokotasunean euskararen presentzia areagotzea helburu duen programa bultzatzen du, kasu honetan, kirol-bizitzan sartuz.

Foto noticia

Berriozarko Udalak, kiroldegiarekin eta kirol klubekin batera, Berriozarko egunerokotasunean euskararen presentzia areagotzea helburu duen programa bultzatzen du, kasu honetan, kirol-bizitzan sartuz.

2024an Udalak lehen urratsak eman zituen euskararen egoera kirolean aztertzeko. Kiroldegiarekin eta herriko klubekin batera egindako diagnostiko honetatik ateratako ondorioekin, euskarak kirolean presentzia handiagoa izatea helburu duen programa jarri da martxan.

Oraingoz, kiroldegian zein klubekin eman dira lehen urratsak. Batetik, helduentzako euskarazko entrenamendu funtzionaleko jarduera jarri dute martxan eta parte-hartzaile euskaldunen datua jaso dute. Astean bitan ariko dira momentuz, baina taldeak handitzeko aukera ere izango da, izen-emate kopuruak hala eskatzen badu.

Bestalde, “Kirolean Aholkukop” enpresa banan banakako bilerak egiten ari da klubekin, eman beharreko pausoak adosteko eta baliabideak eta laguntza eskaintzeko. Hori izango da programa honen izaera, klub bakoitzari egokitutako laguntza ematea, pausoak eman ditzaten gainkarga bat izan gabe, modu adostuan klubeko ordezkariekin eta kirolariekin ere.

Aurkezpen ekitaldian, Saioa Izura, euskara zinegotzia eta udal ordezkaria, Maider Villava, Kiroldegia kudeatzen duen Berrikilan enpresa publikoko ordezkaria, Asier Vallejo eta Miren Eizmendia, Iparbox (boxeoa) eta BKE Mendi Eskolako arduradunak hurrenez hurren, eta Jon Mariezkurrena, pilotari profesionala eta Berriozarko bizilaguna. Aurkezpen instituzionalaren ondoren, Berriozarko auzokideek entrenamendu funtzionaleko saio ireki batean aritzeko aukera izan dute. Ekitaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileek askari osasungarri batez gozatu dute.

Hainbat ondorio plazaratu zituzten ekitaldian, hala nola kirolari euskaldunen identifikazio falta, euskara inoiz ez dela taldeak antolatzeko irizpide izan, euskaraz begiraleak aurkitzeko zailtasuna edota euskaraz komunikatzeko baliabide falta. Hala ere, diagnostikoaren arabera, klubetako eta kiroldegiko erabiltzaileen %80k kirolean euskara sustatzearen alde dago. Horregatik, adin guztietako pertsonei zuzendutako Aurrera Beti! programa jarri dute martxan, eremu ez-formaletan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen duena.

Aurrera Beti! Euskara Kirolean

Duela 20 urtetik hona herriko futbol taldeek partida bakoitzaren hasieran erabiltzen duten “Aurrera Beti, beti aurrera, Gora Berriozar!” oihuari zor dio programak bere izena. Garai hartan euskara kirolean txertatzeko egin zen ahalegina gogoratuz “Aurrera Beti!” aukeratu da programarako izen gisa, berriozartar guztientzat aski ezaguna den esaldia.

Volver arriba