Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2021eko ekainak 3

Oroimenean gordetzeko “oroimen astea”

Maiatzaren azken astea, ahal dela, “oroimen historikoa” lantzeko sasoia izan ohi da gure udalerrian. Aurten Ezkabako ihesaldian zentratu gara, betiere, Guda Zibilaren osteko errepresioari begira.

Maiatzaren 27an: “Antaunen!”

Osteguneko hitzaldiaz ireki zen ekitaldi-zerrenda. COVID-eko neurriengatik aforoa 35 lagunetara mugatua egon arren, aretoa bete zen. Hizlariak, Fermin Ezkietak, ihesaldiaren gorabeherak azaldu zizkigun argazki eta mapen bidez. 1938ko maiatzaren 22an Alfonso XII gotorlekuan preso zeuden 2.000 lagunetik, 840k ihes egitea erabaki zuten aukeraren aurrean zeudela; horietatik 240 hil zituzten, eta hiruk baino ez zuten erdietsi Frantziako muga zeharkatzea. Ezkietak laugarren ihes egindako baten hipotesia proposatu zuen.

Bitxikeria gisa aipatzekoa da ihesaldia prestatu zutenen artean “esperanto” hizkuntza erabiltzen zutela. Hortik dator “Antaunen” hitza: aurrera, bagoaz!

Baten beharrean, bi kontzertu

Udalak, maiatzaren 28rako kontzertu bat iragarri bazuen ere, gero, errealitatean, bi ikusteko aukera izan genuen Euskal Herria plazan. Lehenean Fermin Balentzia protagonista: Tafallako kantautoreak “La muga de Ibardin”, “Navarra tiene cadenas” edo “Kutxitxin” bezalako kantu hunkigarriak eskaini zituen, lehen unetik sintonian zegoen publikoari.

Bigarren atalean “Kutxi Romero” kantari berriozartar eta internazionalak, rock and roll-aren bidez eraman gintuen poesiaren besoetara, eta poesiaren bidez, justiziaren ametsetara.

Hamabi mugarri helburu

Larunbatean, ariketa fisiko eta mentala bildu genituen “oroimenaren ibilbidea” ofizialki inauguratu genuenean. Berriozarko Oroimen Historiko Batzordeko presidenteak eta Berriobeitiko Alkateak (Antsoaingo Udalak ere parte hartzen du ekimenean) irekiera solemnea eman zioten txangoari eta, hortik aurrera, hiru ordu pasako ibilaldi interesgarri eta ederraz disfrutatu genuen.

Ibilaldiak 12 geldialdi proposatzen du Ezkabako hegoaldeko mendi-hegalean zehar. Geldialdi bakoitzean panel batek toki horretan gertatu zena azaltzen du euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Besteak beste: Makinistaren etxea, eskola zaharra, uraren bidea, Espartzeta, “El Murallon”, “Fusilatuen monolitoa”… eta anitz toki gehiagotik iragaten da, Berriozarko auzo zaharrean irteera eta bukaera dituela. Larunbatean 55 lagunek parte hartu zuten martxan.

Aurtengo arrakasta ikusita, ez dago zalantzarik heldu den urtean oroimenaren astea berriz ere ospatuko dela. Baina gaia aldatuta, dagoeneko “Berriozar, ehun urteko hezkuntza” izeneko gogoeta aukeratu baita, eskola zaharrak 100 urte beteko dituela baliatuz. Lehenago, urtean zehar, hainbat ekimen martxan jartzeko proposatuko da.

Volver arriba