Ayuntamiento de Berriozar / Berriozarko Udala

2015eko jaiei buruzko balorazioa.

Heme_2015

Berriozarko Udalak herritarrei zabaldu nahi die abuztuaren 26tik 30era ospatutako jaiei buruz egindako balorazioa.

Hasteko, bost egunetan giro paregabea nagusi izan dela azpimarratu nahi dugu. Beraz, berriozartarrak zoriontzen ditugu, Udal honekin batera, alaitasun, gozamen eta bizikidetza zintzoz betetako bost egun lortu baitituzte.

Bestalde, nabarmentzekoa da programatutako ekitaldi gehien-gehienetan izandako parte-hartze handia, memoria historikoa berreskuratzeari eskainitako Txupinazoan hasi eta jaien bukaera iragarri zuen piroteknia-ikuskizuean bukatuta.Herritar askok parte hartu dute Eguzki plazako dantzaldietan eta txosnen eremuko kontzertuetan, dianetan eta bigantxen ikuskizunetan baita haur saioetan ere, euskarazko zein gaztelaniazkoetan. Berdin gertatu da herri kirol erakustaldian, jota eta flamenko emanaldietan, Auzo Zaharreko egunean eta pilota partidan.

Programa ofizialetik kanpo, beste ekitaldi asko izan dira peñek, elkarteek eta partikularrek egindakoak, aurretik antolatuak edo bat-batean pentsatuak. Horiek guztiek egin dute Berriozarko jaiak gero eta aberatsagoak izatea, parte-hartzeari eta herri kulturari dagokienez.

Ez dugu ahaztu behar jaiek lagun askoren lana eskatzen dutela. Gure aitortza eta esker ona udal langile guztiei, haien lan handiari esker emaitza bikaina izan baita. Poztekoa izan da, bestalde, eguraldiak eman digun laguntza.

Adierazi nahi dugu jaietan ez dugula eraso sexisten berririk izan.Udala eta herriko hainbat elkarte lan handia egiten ari gara emakumeen kontrako indarkeria saihesteko, salatzeko eta herritarrak horri buruz sentsibilizatzeko.Gaitz hori deuseztatzeko borrokari ekartzen diogun hondar-alea da gure lana.Izan ere, jaietan eraso sexistarik izan ez bada ere, mehatxua etengabea da eta erne jarraitu behar dugu.

Segurtasunari begira, jaiak lasaitasun eta adiskidetasun giroan pasa dira.Horrela berretsi du Udaltzaingoak, gertakari aipagarririk ez baitu jaso.

Bukatzeko salatu nahi dugu hainbat sektore politikok egindako saiakera jaiak eta giro ona baldintzatzeko.Izan ere, berriz ikusi dugu Entzutegi Nazionalaren erabilera politikoa, preso politikoen sakabanaketaren kontrako ekitaldietan parte hartutako pertsonak zelatatzea eta, beharrezkoa ikusiz gero, atxilotzea agindu baitzuen.Horren ondorioa izan zen Berriozar guardia zibilek inguratuta egotea 26 eta 28an. Berriozartarren jokaera eredugarria izan zen, eta horregatik zoriontzen ditugu, ez baitzioten probokaziori erantzun.

Halaber, azpimarratu nahi dugu herritar gehienek lasaitasun osoz hartu zutela ikurrina bertan egotea.Nahiz eta izan den gai horrekin sumina zabaltzeko ahalegina, errealitatea da berriozartar gehienak ordezkatzen dituzten banderak elkarrekin egon zirela ikusgai, normaltasun osoz.

Beraz, jaien balorazio ezin hobea egiten dugu, alde txar bakarra giroa sumintzeko eta zapuzteko ahalegina izan baita.Berriozartar guztiak zoriontzen ditugu izandako jokabide eredugarriarengatik eta jai bikainez gozatzeko emandako aukerarengatik.

Volver arriba