BERRIOZARKO AUTOKARABANA-GUNEAREN INAUGURAZIOA
Heme_2012
Irailaren 29an, larunbata, inauguratuko da Berriozarren Iruñerriko lehenengo
autokarabana-gunea.
Berriozarko autokarabana-gunea egiteko asmoa gauzatu da. Irailaren 29an, larunbata, inauguratuko da autokarabana-gunea, Nafarroako hirugarrena, horrelako eremuak baitaude Cascanten eta Faltzesen. Plazaola kalean kokatu da, Naturaren Gelaren eta baratze ekologikoen ondoan eta Mendialdea Eskolatik hurbil. (Gunearen koordenatuak: 42º 50′ 25,28”I 1º 39′ 55,32”M).
Inaugurazio-programa goizeko 10etan hasiko da. Ordu horretan ibilaldia hasiko da Ezkaba mendiko hegaletik. Ibilbide leun honetan Ezkaba mendiko flora, fauna eta inguruneari buruzko azalpenak eskainiko dira. Jarraian Berriozarko Auzo Zaharra eta Naturaren Gela ikusiko dira.
12etan gunearen inaugurazio ofiziala eginen da Berriozarko Doinua Musika Bandarekin eta herriko Erraldoien Konpartsarekin. Inaugurazioa bukatuta, bazkaritarako tenorea helduko da (aurretik izena eman behar da).
Hurrengo egunean, igandean, goizeko 10etan, batera eginen diren bi jardueren artean aukeratu beharko da: Mendi-ibilaldia Ezkabako gailurreraino, non Alfontso XII.a Gotorlekua dagoen, edo bizikleta-martxa Iruñerritik.
Berriozarko Udalak bere esker ona azaldu nahi die Berriozarren gune hau posible egin duten pertsona guztiei. Izan ere, ekimena auzotarrena izan da. Turismo mota honekin zaletutako auzotarren lanak, Udaleko hirigintza eta ingurumen arloarekin batera, gauzatu du herriko turismoa eta merkataritza sustatu nahi dituen proiektu hau.