“Elenco” eta “La niña hilo” BerriRock V. Lehiaketako irabazleak.
Heme_2012
“Elenco” Errioxako banda eta “La niña hilo” tuterarra izan dira epaimahaiak lehenengo lekuetan aukeratutakoak, originalak eta abangoardistak izateagatik.
Epaimahaiak proposamen guztiak baloratu eta gero, honakoa izan da irabazleen sailkapen-hurrenkera:
1) Elenco
2) La niña hilo
3) Radiofunkens
4) Meaculpa
5) Mirémonos
6) Peachy joke
Radiofunkens taldea hirugarren lekuan geratu da. Punk ondoko estiloa dauka eta oso balorazio ona izan du beste musika lehiaketa batzuetan. Epaimahaikideek puntuazio altua eman diote. Meaculpa talde iruindarrak metal ukitua dauka, baita esperimentala ere. Ez zituen lehenengo hiru lekuetan egoteko nahikoa puntu bildu eta ez dugu entzunen aurtengo BerriRock kontzertuan. Pena da azken bi talde horiek aukerarik ez izatea 2012ko BerriRock kontzertuan parte hartzeko. Izan ere, lehiaketako arauak aldatu dira eta, aurreko urteetan ez bezala, soilik lehen bi lekuetan sailkatutako taldeek joko dute zuzenean. Hortaz, ez dugu haien musikarekin gozatuko Berriozarko jaietako larunbatean.
Bestalde, Mirémonos banda madrildarra eta Peachy joke bosgarren eta seigarren geratu ziren irabazleen zerrendan. Mirémonos taldearen rockak eragin brasildarra dauka; Peachy joke Bartzelonan kokatutako talde euskalerritarrak “country” soinua eskaintzen du. Epaimahaiaren gustukoak izan ziren biak, baina ez zuten lortu lehenengo lauren artean egotea.
Aurtengo BerriRock lehiaketako epaimahaia honakoek osatu dute: Marea-ko Kolibrí, Barracus-eko Gussy, Diario de Navarrako Santi Echeverría eta Francisco Casanova Musika Eskolako José Alberto Lara. Haien ustez, maila jaitsi da pixka bat aurreko urteekin konparatuta; izan ere, proposamen gutxiago jaso dira eta jasotako proposamen batzuen kalitatea ez da izan balekoa. Horren azalpena izan daiteke, agian, talde gehienak behin bakarrik aurkeztu direla abesti berririk egin ez dutelako. Horregatik murriztu da, beharbada, parte hartu duten taldeen kopurua. Hori izan bada arrazoia, musikarien sormenaren eta baliabideen alde topa egin nahi dugu; bizi garen garai zail hauetan froga dezaten musika ona eta pairatzen dugun krisi ekonomikoa uztargarriak direla.
Beraz, irailaren 1ean, Berriozarko jaietako larunbatean, “Elenco” taldearen rap-musikaz, eta “La niña hilo” taldearen brit-pop estiloaz gozatzeko aukera izanen dugu. Lehenengoak hiri-giroa eta bigarrenak kolore bizia ekarriko dizkigute BerriRock-era.
Ez huts egin! Berriozarko Ilargi pistan elkar ikusiko dugu, jo eta ke!
Argibide gehiago:
http://www.myspace.com/573770292
http://www.myspace.com/radiofunkens
http://www.myspace.com/losmeaculpa